Irailaren 8tik irailaren 9ko goiz aldera, Moriako errefuxiatuen esparrua erre zen goitik behera. Une hartan, 13.000 errefuxiatu zeuden bizitzen, eta «bapatean, errepide bazterretan bizitzera igaro ziren kale egoeran geratuz». Lehenengo egunetan «ez zuten asistentziarik jaso Greziaren gobernuaren aldetik, bertan zeuden GKE-en asistentzia humanitarioa izan zuten soilik».
Aipatutako egoera honetan, Zaporeakek, «inoiz baino otordu gehiago sukaldatu zituen». Hala ere, suak hartutako esparrua 5 egunetan berreraiki dute, Mitilini hiriburutik gertu, kostaldean. Kanpamendu berri horretan, 9.500 errefuxiatu sartu dituzte, «5.000 pertsonentzat egokituta dago. Errefuxiatu hauek haien gogoz kontra eraman dituzte bertara, eta helburua lehenagoko egoerara itzultzea izanik, hau da, pertsona errefuxiatuak Greziako irletan konfinatuta edukitzea, Europako Batasuneko herrialdeek gaian esku hartzen ez duten bitartean».
Astigarraga, Moriako errefuxiatuekin bat
Larrialdi egoera honetan, Zaporeakeko sukaldea eta lan taldeak lanean jarraitzen dute, eta Astigarragak bat egin du. Hori horrela, janari bilketa jarri du martxan, ostiral arte.
Bilketa elikagaiak
Arroz luzea, makarroiak, lakariak (dilistak, txitxirioak, babarrunak), atuna eta sardinak latan, oliba olioa, espeziak (piperbeltza, piperbeltz zuria, kuminoa...), esne hautsa eta barrita energetikoak.
Parte hartu duten komertzioak
Alicia frutadenda, Coviran Isabel, Coviran Ainhoa, Zubitxo fruta denda, Ezpela natur denda eta Eroski.
Udalak gaineratu du, komertzio hauetan elikagaiak uzteaz gain, Herri Eskolan uzteko aukera ere badagoela. Gogoratu beraz, jada martxan dela elikagai bilketa, eta ostiral arte egongo dela aukera parte hartzeko.