Udala

Udalak energia elektrikoa hornitzeko kontratua sinatu zuen, Goienerrekin

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 26a, 00:00

Udalak bi urteko kontratua sinatu zuen asteazkenean, beste 2 urte luzatzeko aukerarekin, Goiener S.Coop. enpresarekin.

Joan den asteazkenean sinatu zuen Udalak energia elektrikoa hornitzeko kontratua, Goiener enpresarekin. Energia %100 berriztagarria sortu eta bazkideen artean merkaturatzen duen irabazi asmorik gabeko kooperatiba herritarra da, eta esleipen prozesuan kooperatiba honek puntuaziorik altuena lortu du hiru loteetan: argiteria publikoan, udal ekipamenduetan eta udalaren etxebizitzetan.  Lehen lotea (argiteria publikoa) 84.767,33 eurotan esleitu da. Bigarrena (udal ekipamenduak) 41.410,25 eurotan, eta hirugarrena (udalaren etxebizitzak) 9.764,59 eurotan. 

Jakitera eman dutenez, Udala «oso pozik» agertu da hurrengo urteetan behar izango duen energiak jatorri berriztagarria izango duelako. Izan ere, energia berriztagarriek, ingurumenean erregai fosilek edo energia nuklearrak baino inpaktu txikiagoa izateaz gain, autohornikuntzan laguntzen dute, eta, beraz, lurralde baten mendekotasun energetikoa murrizten dute. 

Udalak eredu jasangarriago bat lortu nahi du eta bide horretan, «pausu garrantzitsua» izan da Goiener enpresarekin sinatutako kontratua. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!