Obrak

Hainbat obra egiteko kontratuak esleitu ditu Udalak, eta urrian hasiko dira birgaitze lanak

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 20a, 00:00

Obra guztiak urrian hasteko erabakiarekin batera, beste hainbat zehaztapen ere egin ditu Udalak: diru-laguntzak, garbiketa indartzea eta abar.

Joan den astean izandako Tokiko Gobernu Batzarrak, herri mailan obra garrantzitsu batzuk egiteko kontratuak esleitu zituen. Guztira lau izango dira urrian zehar egingo dituzten birgaitze lanak, eta Santiomendin, Perurenako auzo lokalean eta pump track pistan egingo dira.

Datorren hilabetean egingo den birgaitze lanetako bat Santiomendiko auzoa hiritartzea izango da. Obra hauetan euri urak jasotzeko ubidea berritu, argiteria publikoa eta telekomunikazioak lurpetik pasa eta errepidea berrituko da. «Auzoari onura ugari ekarriko dizkion lanak izango dira», azaldu zuen Udalak.
 
Urrian, baita ere, DBH-Santiomenditik Mendiaundira doan linea elektrikoa lurperatzeko lanak egingo dira. Izan ere, Mendiaundi-Aranibarreko orubean DBHko ikastetxea eraiki ahal izateko hainbat urbanizazio lan egiten ari da Udala; besteak beste, orubea zeharkatzen duen linea elektrikoa lurperatzeko lanak. 

Bestalde, Perurenako bizilagunek egindako eskariari erantzun nahi izan dio Udalak, eta Perurenako auzo lokala egokitu eta berritu egingo da: instalazioak, komunak, eta bestelakoak. Eta azkenik, urtea amaitu baino lehen, pump truck pista egingo dute. Lehenik pistaren proiektua idatziko dute, eta gero hasiko dira proiektuaren obrarekin.

Beste zenbait gai

Udalak eraikinak garbitzeko kontratua aldatu du. «Aldaketa hau bereziki, koronabirusaren ondorioz udal eraikinetako garbiketa zerbitzua indartzeko egin da», azaldu dute. Eta bestetik, hainbat diru-laguntza ematea onartu du: Gazte Asanblada, SagarArte, Herri Eskola eta Danak Bat Ergobiko kultur elkartea.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!