Sagardoa

Pintxo-potea, sagar muztioaren elaborazioa eta kirikoketa tailerra, hiru egunetan zehar

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 20a, 00:00
Joan den urtean ere egin zuten bisita gidatua, Sagardoetxean.

XXgarren Sagar Uztarekin hiru egunez sagardoaren mundua hobeto ezagutzeko aukera izango da. Egitarau zabala da aurtengoa, eta hainbat jarduera antolatu dituzte. Plazak mugatuak dira eta aurrez izena eman behar da.

Datorren ostegunean, larunbate­an eta igandean XXgarren Sagar Uzta 2020 ekitaldia ospatuko da Astigarragan. COVID-19a dela eta, festa hau egoera berrira moldatu da, eta segurtasun neurri guztiak errespetatuz eta edukiera mugatuz, jarduera ezberdinak antolatu dira, herritarrek sagarraren uzta garaia ospatzeko: sagar muztioaren elaborazioa familian, helduentzako kirikoketa tailerra eta sagardo sagarren kata. 

XXgarren Sagar Uzta 2020 ekimena Astigarragako tabernek eskainiko duten sagarraren eratorriekin egindako pintxo-pote bereziarekin hasiko da ostegunean. «Aurtengo egitaraua, ordea, e­goera berrira moldatu eta COVID­-19ak ezarritako segurtasun neurri guz­tiak bermatuz ospatuko da»­, azaldu dute antolatzaileek. Ondorioz, Asti­garragako Foru plazan ospatu ohi diren sagar muztioaren elaborazio lanak Sa­gardoetxean egingo dira, i­railaren 26 eta 27an herriko fami­lien partaidetzarekin, talde txiki eta txanda ezberdinetan antolatuta,   eta Goldea Herri Kirol Elkartearen laguntzarekin. 

Egiteko ugari, azken egunean

Igandean, irailaren 27an, sagar muztioaren elaborazio lanak familian egiteaz gain, helduentzako kirikoketa tailerra eta sagardo sagarren kata ere izango dira, Sagardoetxean. Goizeko 10:30etatik 12:30etara bitartean izango dira lehenengo bi jarduerak, eta 12:00etatik aurrera egingo dute sagar kata. 

Aipaturiko jarduera hauen plazak mugatuak izango dira eta beraz, sagar muztioaren elaborazio lanetan, kirikoketa tailerrean eta sagar katan parte hartu nahi duten herritarrek, aurrez izena eman beharko dute, www.sagardoarenlurraldea.eus webgunean sartuta. 

Hiru egunetan zehar egingo diren jarduetean derrigorrezkoa izango da maskarilla erabiltzea eta higiene eta segurtasun neurri guztiak behar bezala betetzea.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!