Kultura

Herri zaharraren eta berriaren arteko zubi, eta Astigarragako ekintzen erdigune

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 19a, 00:00
«Beste elegantzia bat» ematen die auditorioak, antolatu daitezkeen emanaldi guztiei.

Martxan da Erribera kulturgunea, aurreneko zerbitzuekin; eta laster bilakatuko dute bere etxe, herriko kultur taldeek. Lau solairuko eraikinak aukera berri ugari ematen dizkio herriari: «oso harrera ona izan du herritarren artean; ez zuten uste hain haundia izatea kulturgunea, gelek hainbesteko espazioa edukitzea, hain mota ezberdinekoak, terraza hori... Eta auditorioa ere asko gustatu zaie», azaldu dute Aintzane Barandiaran kultura zinegotziak eta Amaia Usabiaga kultura teknikariak. Eraikinaren nondik norakoak azaldu dizkigute.

Ikasturte berriarekin batera, etxe berria ere badauka Asti­ga­rra­­ga­ko kulturak. Aurreko aste­buruan inauguratu zuten Erribe­ra kulturgunea, ekitaldi berezi bate­kin, eta herriko makina bat kul­tur talde eta artistaren parte­har­tzearekin. Batzuk astigartar zaharrak, besteak berriak; herria bera bezala.

Herri zaharraren eta berriaren zubi izango da Erribera, zentzu guztietan: bai kultur talde eta artistak harremanetan eta elkarlanean jarriz, eta baita kokapenez ere: «kulturgunea bilakatuko da herrian antolatzen diren ekintzen erdigune, izan hitzaldiak, kontzertuak, literatur solasaldiak, erakusketak, zinea, antzerkiak, bakarrizketak... Baina gainera, herri zaharraren eta herri berriaren artean dago, eta bien arteko lotura egingo du. Astigartar berriak eta zaharrak elkartzeko balioko du», azaldu dute Aintzane Barandiaran kultura zinegotziak eta Amaia Usabiaga kultura teknikariak.

Terraza ere badauka Erriberak, «aukera asko» ematen dituena.

Dagoeneko martxan da Erribera, zerbitzu batzuekin: liburutegia zabalik dago, betiko ordu­te­giarekin (goizez 10:00-13:00 eta arra­tsaldez 16:00-20:00); eta erakusketa aretoa ere martxan da, aurreneko lanekin: herritarrek inaugurazio ekitaldirako prestatu zituzten postalekin osatutako muntaketa. Inaugurazioko argazki batzuk ere jarri dituzte kulturguneko sarreran, eskaileren ondoan.

Lau solairu eta makina bat espazio, kulturguneak

Eskailera horiek dira herritarrek ikusten duten aurreneko gauza, eraikin marroi haundiaren ateak zeharkatzean. Harrera ezkerrean, argazki erakusketa eskuinean, eta erdi-erdian eskailerak, gora edo behera, eraikineko lau solairuetan barrena mugitzeko. Besterik ere badauka sarrerako solairu horrek, ordea: harreraren segidan dago liburutegia, makina bat apalategi, aulki eta mahai, eta ordenagailuekin. Haurrentzako txokorik ere ez du falta.

Sarrerako solairuan dago Pau Figueres artistak egindako mu­­rala ere, hormetako batean. Eta solairu beretik sartuko gara auditoriora ere: «orain arte ez geneukan auditorioa bezalako espazio itxirik. Antzerkiak, adibidez, modu traketsean egiten ziren... Honek beste elegantzia bat ematen dio, eta edozein ekitaldi janzten du. Soinuaren aldetik ere, kultur etxe zaharreko aretoa oso motz geratzen zen, eta hau pentsatuta dago horretarako. Gainera, aulki guztiak atzera biltzeko aukera dauka, eta beraz, eskaini ahal izango dira eserita ikusteko kontzertuak, baina baina zutik ikustekoak ere. 284 eserleku dira, eta zutik bikoitza izango da aforoa».

Dagoeneko propio apainduta daukate, arte plastikoetarako gela.

Prest dago auditorioa, eta las­ter hasiko dira proiekzioak ber­tan. Emanaldietarako gune nagusia izango da, «baina ez bakarra. Auditorioa da klasikoa, baina eraikinak badauzka beste gune batzuk, emanaldietarako egokiak. Terraza daukagu, ede­rretan ederrena, eta aukera asko ematen dituena. Eta erakusketa gelan ere egin daitezke saioak, formatu txikiagoan. Kanpoko es­talpea ere baliatu dai­teke kontzertu eta emanaldi informalagoetarako, adibidez. Joko haundia ematen du eraikinak».

Espazio zabala, apalategi ugari, eta aulkiak eta mahaiak dauzka liburutegiak.

Bere txoko propioa izango dute irakurle txikienek, liburutegi berrian ere.

Erdisotoan edo -1 solairuan daude erakusketa aretoa, «orain arte ez geneukana»; dantza aretoa; elkarteen gelak; haurren musika tailerrerako gela; biltegi nagusia; udal artxiboa, bertara mugitu dutena; eta «ikasteko gela haundi bat», urritik aurrera zabalik egongo dena.

Eskaileretan gora eginda, berriz, aurreneko solairuan daude eskulanetarako gela, yogarako gela, terraza, beste ikastaro batzuetarako gelak, eta bulegoak. Eta bigarren solairuan, azkenik, Norberto Almandoz musika eskolaren gelak, eta abesbatzek entsaiatzeko erabiliko dutena.

 

Norberto Almandoz zenaren pianoa, Erriberan

Beste elementu berezirik ere badauka kulturguneak, beraiek ere espero ez zutena: Norberto Almandoz zenak erabili zuen pianoa. «Isabel Almandozek, ha­ren ilobak, Astigarragako herriari eman nahi izan dio, eta kulturgunean jarri dugu. Oso pozik eta eskertuta gaude, balio haundiko pianoa delako».

Norberto Almandozek erabili zuen pianoa ere, Erriberan dago orain.

Laster hasiko da mugimendua, kulturguneko pasillo eta aretoetan. Musika eskola datorren astean jarriko da martxan, urrian hasiko dira kultur ikastaroak, eta bertan izango dituzte entsaiatzeko eta biltzeko ge­lak, taldeek: Aiztondo eta Eragiyok abesbatzek, Txirrisklako txistulariek, Xaguxar aisialdi taldeak, Astigarte elkarteak, Astigar dantza taldeak...

Eskaintza zabalagoa izateko asmoa, aurrera begira

Eta ikastaroak eta taldeen entsaioak bezala, laster abiatuko da kultur ekintzen programazioa ere. «Udazkeneko egitaraua osatzean, orain artekoaren ildotik jarraituko dugu; eta aurrerago, joango gara ikusten zer egin dezakegun. Aurrena, kulturgunea ezagutu behar dugu, jakiteko nola atera zuku guztia. Eta garaia ere ondo datorkigu, gainera. Izan ere, orain udal aurrekontuak prestatzeko garaia da, eta ikusiko dugu zenbat haunditu nahi dugun kulturari eskainitako partida, kultur eskaintza zabalagoa izateko. Kultur etxe zaharreko erritmoan ekingo dio­gu, baina pixkanaka, espero du­gu kultur agenda potoloagoa osa­tzea», nabarmen­du dute.

Erabilera ezberdinetarako gelak daude, abesbatzek entsaiatzekoa bezala.

Horretan, herriko talde eta artistei ere eman nahi diete toki berezia: «asmoa da, bertan antolatuko diren ekitaldiak izatea diziplina ezberdinetako artista profesionalena, baina baita herrian dauden taldeenak ere. Nahi dugu beraiek bizia ema­tea kulturguneari. Lekua eman nahi diegu herriko artistei».

 

Beste hiru bisita gidatu bihar, Erribera ezagutzeko

Aurreko asteburuan, inagurazio­aren egunean egin zituzten bi bisita gidatu, Erribera kulturgunea ezagutzeko; eta beste hiru hurrengo egunean: «txanda guz­tiak bete ziren, eta oso harre­ra ona izan du kulturguneak, he­rritarren artean. Jendeak ez zuen espero hain haundia izatea, gelek hainbesteko espazioa edukitzea, hain mota ezberdinetakoak, terraza hori... Eta auditorioa ere asko gustatu zaie».

Herritarrek egindako postalekin egindako muntaketak estreinatu du erakusketa aretoa.

Bisita gidatu horien arrakasta ikusita, beste hiru saio antolatu dituzte biharko, 10:00etan, 11:00etan eta 12:00etan, eraikina ezagutzeko. Horretarako, gonbidapenak hartu behar dira, Erriberako harreran bertan, edota astigarraga.eus web orrian, Sarrerak erosi atalean. Eta bihar arratsaldean, inauguraziorako prestatutako dokumentala jarriko dute berriro, 18:00etan. Horre­tarako ere, Erriberan edo webgunean eskuratu daitezke gonbidapenak. Horiexek izango di­ra bi bideak, orain arte bezala, antolatuko diren gainerako ekin­tza guztietarako sarrerak eskuratzeko.

Gidatuak izango dira biharko bisitak, baina bestela ere, herritarrek bisita egiteko eta erabiltzen hasteko, dagoeneko ate­ak zabalik dauzka Erriberak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!