Tailerra egingo da gaur, ibilgailu elektrikoak eta mugikortasun jasangarrirako aukerak azaltzeko

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 17a, 00:00

Mugikortasun Asteak irauten duen bitartean Udalak hainbat errepide itxi eta mugatuko ditu, «oinezkoen eta txirrindularien mesedetan». 

Atzotik irailaren 22ra bitartean Europako Mugikortasun Astea ospatuko da, eta horren baitan, tailer informatiboa antolatu du Astigarragako Udalak. Arratsaldeko 19:00etan izango da, udaletxean,  eta ibilgailu elektrikoak eta mugikortasun jasangarrirako a­u­kerak zein diren azalduko dute bertan.

Mugikortasun Asteko ekimen garrantzitsuenek, berriz, trafikoaren behin-behineko moldaketekin dute zerikusia. Udalak adierazi duenez, aldaketak egingo dira aste honetan, oinezko eta txirrindulariei ibilbide seguruagoak eskaintzen saiatzeko.

Errepide eta kaleetan, hainbat moldaketa egingo dira

Mugikortasun Aste honetan errepide eta kaleetan hainbat moldaketa egingo dituela aurreratu du Udalak, trafikoan sor daitezken eraginak aztertzeko. Herriko hainbat tokitan egingo dira, eta aldaketa hauek irailaren 27ra arte iraungo dute.

Kale Nagusia itxita egongo da zati batean, Pelotari kaleko bidegurutzetik 33 zenbakiraino, hain justu, autobusentzat izan ezik.  Aldaketa honekin, «oinezkoei espazio ge­hiago emango zaie, eta segurtasun gehiago txirrindulariei», aurreratu dute.

Bestalde, Bidebitarte poligonorako sarrera eta irteera bakarra baimenduko da, Portutxo sarrerako biribilgunetik. Horrela, Donostia ibilbidetik sarrera itxita egongo da poligonora, eta bertatik pasatzen den bidegorriko erabiltzaileei segurtasun gehiago emango zaie.

Eta azkenik, Portutxoko biribilgunean, Martutenetik doan bidezidorra itxiko da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!