Ostalaritza

Ostalaritza sektorera bideratutako sentsibilizazio kanpaina batek erdigunea bisitatuko du ostegunean

Urtzi Odriozola 2020ko ira. 15a, 00:00
Bezeroak tabernako terrazan eserita.

Dinamizatzaile talde batek herritar eta ostalariei gomendioak emango dizkie ostegun arratsaldean, «pandemia eteteko hartu behar diren neurri-sanitarioak modu egokian betetzeko». Maskarillak ere banatuko dituzte. 

Dinamizatzaile talde batek Astigarragako erdigunea bisitatuko du ostegun honetan, indarrean dagoen osasun araudiaren azalpenak emateko. Gipuzkoan Gipuzkoako Os­talaritza Elkarteak jakinarazi du­enez, bisitaren helburua da «he­rritarrak eta ostalaritza sektore­a sentsibilizatzea, COVID-19ak e­ragindako pandemia eteteko hartu behar ditugun neurri-sanitarioak modu egokian betetzeko».  

Kanpainaren abiapuntua da Eusko Jaurlaritzako Turismo eta  Ostalaritza zuzendaritzak eta Euskadiko hiru lurraldeetako ostalaritza elkarteek urtero sinatutako elkarlanerako hitzarmena, eta Gipuzkoan Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak gidatuko du. Eta horrekin batera, Ostalaritza sektoretik erakundeetako ordezkariek pandemiaren aurka egiten ari diren lana azpimarratu  nahi izan dute, eta egiten ari diren lana txalotu. 

Erdigunea bisitatuko dute
Sentsibilizazio kanpaina honek lurraldeko hainbat herri bisitatu ditu. Hernanin, esaterako, uztailaren amaieran izan ziren; eta gomendioak ematen izan diren herri guztietan herriko erdigunea izan dute indargunea. Astigarragan ere, herriko erdigunea bisitatuko dute ostegunean, «jende pilaketa gehien jasotzen duen udalerriko gunea» delako. Arratsaldeko 19:00etatik 21:00etara bitartean izango da dinamizatzaile taldea bertan, osasun araudiaren azalpenak ematen.

Denbora tarte horretan herritarrak, ostalariak eta hauen bezeroak informatzea izango dute helburu, «indarrean dagoen osasun araudia behar bezala betetzeko». Batez ere maskarillaren erabileran, distantzia soziala bermatzeko irizpideetan, eskuetako garbitasunean, edota hamarreko muga ez gainditzeko neurrietan jarriko dute fokua. Eta bitarte horretan, herritarren artean maskarillak banatuko dituztela aurreratu dute.

Batez ere gazteei zuzenduta
Sentsibilizazio Kanpaina hau adin tarte guztietara zabaldu nahi bada ere, gazteengana iristeko «ahalegin berezia» egingo dela adierazi dute. Izan ere, beraien ustetan momentu honetan COVID-19aren zabalkundea geldiarazteko kolektibo hau da «sentsibilizazio eta pedagogia lan gehien» eskatzen duena.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!