Zapata berriak jantzita, herriko kulturaren bidea urratzen jarraitzeko

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 13a, 00:00
Astigar dantza taldea bezala, herriko makina bat talde igo ziren eszenatokira atzo, Erriberari ongietorria ematera.

Atzo inauguratu zuten Erribera kulturgune berria, Astigarragan, herriko makina bat kultur talde eta artistak jantzitako ekitaldi bereziarekin.

Kontxa Etxeberria plazan elkartuta eman zioten ongietorri beroa atzo, makina bat astigartarrek, Erribera kulturgune be­rriari. Herriko kultur taldeek eta artistek jantzi zuten inaugu­razio ekitaldi berezia, doinuz, kolorez, mugimenduz eta hitzez; eta guztiek jantzi zutena, eszenatokira igo zirenek zein publikoaren aulkietan eseri zire­nek, izan ziren zapata berriak.

Zapata berri sinbolikoak, kulturgunearen islada, balioko dutenak herriko kulturaren bidea urratzen jarraitzeko. Mezu horrekin egin zuten bat atzokoan, partehartzaileek.

Xuira taldearen akrobaziekin gozatzeko ere izan zen aukera, inaugurazioan.

Berriari kaixo esaten baino, zaharrari agur esaten hasi zuten eguna, astigartarrek; eta Kontxaeneako kultur etxe zaharrari azken bisita egin ondoren, agurra ere kantatu zioten eguerdian. Handik abiatu ziren, zapata berriekin dagoeneko, Erriberari ongietorria ematera; eta bertso, txaranga, irakurketa, batukada, gimnasia saio zein kantuen artean, izan zen bat berezia, kulturgune berriari eskainitakoa. Benito Lertxundiren Erribera abes­tiari, honako hitzak jarri diz­kio Agin Laburu bertsolariak, atzo denek kantatu zituztenak:

Erribera Erribera...

ez haiz lehengo herri bera

hiri haundien pare jarri gera.

Jaurerri zaharren berri

izan den hire lurretan,

lanik ez hunan ordaintzen ta urretan.

Donosti aldera, noski

tranbian, oinez ta astoz...

lehenago joandakoak bueltan datoz.

Urumearen ertzean

lehengo baserri lanak.

Urtarorik ez din orain porlanak.

Santiomendiren itzal

ta Urumearen ura

bego higan arbasoen amets hura.

Kanpoan eskainitako emanaldi guztiek, segida izan zuten gero, Erriberaren barruan. Izan ere, ipuinekin, bertsoekin, dantza saioekin zein musika eta kantu emanaldiekin lagunduta erakutsi zizkieten kulturgunearen espazioak, bisitariei.

Emanaldi ezberdinekin erakutsi zizkieten kulturguneko espazioak, bisitariei.

Gaur ere egin daiteke bisita, 11:00etan eta 12:00etan; eta prestatu duten dokumentala jarriko dute 17:00etan eta 18:30etan. Guztietarako, hori bai, aldez aurretik hartu behar dira gonbidapenak: astigarraga.eus.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!