«Kultura erdigunean jarri, eta diziplina artistiko asko uztartuko ditu Erribera kulturguneak»

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 9a, 00:00
Kultur eragileak, Hika Teatroko kideak eta Astigarragako Udaleko ordezkariak, atzo, inaugurazio ekitaldiaren aurkezpenean.

Asteburu honetan inauguratuko dute Astigarragako kultur etxe berria, zaharrari agur esanda. Emanaldi ugari izango dira, eta ibilbide artistikoak kulturgunean barrena.

Egun seinalatuak merezi lukeen jendetzarik gabe, baina oso mo­du berezian egingo dute kultur etxe zaharretik berrirako bidea, asteburu honetan, astigartarrek. Larunbatean inauguratuko dute Erribera kulturgunea, Kontxaenea eraikin zaharrari agur esan ondoren, eta zapata aldaketa baten modura irudikatuko dute, sinbolikoki. Izan ere, Zapata berriak egitasmoarekin emango diote ongietorria Erriberari, Astigarragako Udalak eta Hika Teatroak antolatuta.

«Nahi izan dugu ez izatea ekitaldi soil bat, baizik eta partehartzea sustatuko zuen zerbait, eta saretze bat ekarriko du­ena. Zapata berriekin, sinbolo bezala, irudikatuko dugu eraberritzea ekarriko duela kulturgune berriak. Horrelako kulturgune haundi bat oso garrantzitsua da, diziplina artistiko asko uztartuko dituelako, eta herriko artistek elkar ezagutzen lagunduko duelako, artista asko baitauzkagu herrian», azaldu zuen Aintzane Barandiaran kultura zinegotziak atzo, asteburuko ekitaldiaren aur­kezpene­an. Modu berezian eman zioten hasiera aurkezpenari ere: Benito Lertxundiren Erri­bera abestiaren doinuak eskaini zituen Inma Aramburu musikariak, bio­linarekin.

Abesti horixe hartu dute kulturgunearen ereserkia gisa, baina Agin Laburu bertsolariak letrari egindako moldaketekin, eta inaugurazio ekitaldian bertan kantatuko dute, herriko abesbatza eta kantariek, beste hainbat emanaldiren artean. Herriko bederatzi kultur elkartek eta 20 artistak hartuko dute parte, inaugurazio ekitaldian.

Zapata zaharrak, kultur etxe zaharrari agur esateko

Kontxaenean, kultur etxe zaharrean, hasiko da larunbateko inaugurazio ekitaldia. Goizeko 09:30etatik 11:30etara, eraikin zaharrera azken bisita egiteko aukera izango dute herritarrek. «Kulturgune berriari kaixo esateko ez ezik, zaharrari agur esateko ere bada ekitaldia. Eskatu nahi diegu herritarrei, zapata zaharrekin joan daitezela bertara, eta poltsa batean zapata berriak eraman ditzatela. Horrela, zapata zaharrak kultur etxe zaharrean utzi ahal izango dituzte, nahi duten tokian, eta zapata berriekin atera handik, kulturgune berrira joateko», azaldu zuen Agurtzane Intxaurragak, Hika Teatroko zuzendariak.

Azken bisita horien ondoren, Agur jaunak eta andreak abestuz emango diote azken agurra, eguerdian, Kontxaeneari.

Eta ondoren, 12:30etan, Erriberako ataria izango da elkargunea. Herriko makina bat musikari, dantzari, bertsolari eta abeslariren eskutik, eta herritarren partehartzearekin, ongietorri beroa emango diote.

Ibilbide artistikoek borobilduko dute eguna, horrela erakutsiko baitizkiete kulturgunearen espazioak, 180 herritarri: 90 eguerdian, eta beste 90 arratsaldean. Horiek, zozketa bidez aukeratuko dituzte, postalak entregatu dituztenen artean. Postalekin, gainera, instalazio bat egin du­te, hilabetez ikusgai egongo dena.

Dokumentalaren estreinaldia, larunbat arratsaldean

Eta arratsaldeko ibilbide artistikoaren ondoren, estreinatuko dute dokumentala, 40 astigarta­rren iritzia biltzen duena, Asti­garragaren eta kulturaren arte­ko harremanaz. Intxau­­­rra­­gak berak zuzendu du, Unai Alberdi astigartarrak egin du errealiza­zioa, Alaine Agirre idaz­leak osatu di­tu testuak, eta Iñaki Dieguezek jarri dio musika.

Igandean jarriko dute dokumentala berriro, bi txandatan, eta horietarako sarrerak eskuratu beharko dira, astigarraga.eus webgunean edo udaletxean.

Nobedade gehiago ere izango dira. Esaterako, Pau Figueres artistak artelan bihurtu du kulturguneko horma bat, eta larunbatean bertan bukatuko du.

«Aurrera begira, kultura erdigunean jarri, eta publiko berriak sortzeko balioko du ekitaldiak», adierazi zuen Intxaurragak.

Eta ekitaldira gerturatzeko gonbitea luzatu zien Xabier Urdangarin alkateak, herritarrei: «denbora luzean ez ahazteko mo­dukoa izango da. Beraz, etorri zapata berriak jantzita, kulturgune berrian urratzeko; horre­ta­rako da eraikin haundi hau».

IRAILAK 12, larunbata

Kontxaenean

09:30-11:30, Kultur etxe zaharrari azken bisita egiteko aukera. Bisitan zapata zaharrak erantzi eta berriak jantziko dituzte. Zaharrak bertan utziko dituzte, Kontxaenea izan denaren lekuko.

12:00, Azken agurra: Amaia Fernandez kantari eta Iñaki Dieguez eskusoinuarekin; Tessa Antonegik testu irakurketa (Eli Laburuk idatzitakoa), eta Saioa Zuaznabarrek musika; Joseba Astarbe dantzariak agurra; Eragiyok eta Aiztondo abesbatzek Agur jaunak eta andreak, musikaren laguntzaz.

Erribera kulturgunean

12:30, Emanaldiak, atarian: Zozongo batukada eta Kita del Pare txaranga; Agin Laburu bertsolaria; Aurkia Ahizpak; Astigar Dantza Taldea eta Txirriskla Txistulari Taldea; Tessa Andonegi eta Inma Aramburu; Zozongo batukada eta Dynamic Dantza Akademia; Deblauki musika taldea; Xuira taldearen dantza akrobatikoa, Iñaki Dieguez eta Iker Telleriaren musikarekin; Klara Mendizabal sopranoa eta Joana Otxoa de Alaiza teklatuan; alkatearen eta kultur taldeen hitzak; Aiztondo eta Eragiyok abesbatzek Erribera, herri osoarekin; eta irrintzi zaparrada.

13:30 eta 18:00, Ibilbide artistikoak, kulturgunea ezagutzeko.

19:00, Dokumentalaren estreinaldia, arratsaldeko ibilbide artistikoan parte hartu dutenentzat.

IRAILAK 13, igandea

Erribera kulturgunean

10:00, 11:00 eta 12:00, Bisita gidatuak, 10 laguneko taldeetan. Sarrera eskuratu behar da, udaletxean edo astigarraga.eus web orrian.

17:00 eta 18:30, Dokumentalaren emanaldia. Sarrerak eskuragarri daude astigarraga.eus web orrian, edo udaletxean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!