Bailarako gainontzeko herri eta auzoetan bezala, aurten ez dira festak ospatu Ergobin. Ez behintzat, ohiko moduan. Koronabirusagatik bertan behera utzi behar izan dira hainbat egitasmo eta ekitaldi, eta ezinezkoa izan da jaiak ospatzea. Hala ere, Ergobikoek egitarau berezia antolatu zuten atzoko egunerako. Ergobiko kultur eguna 2020 izenburupean, egun osoko plangintza antolatu zuen Danak Bat Ergobiko kultur elkarteak.
Segurtasun eta higiene neurri guztiak kontuan hartuta, egun polita izan zuten. Izan ere, antolatzaileek argi utzi zuten «oso garrantzitsua» zela tokian tokiko segurtasun neurri eta antolatzaileen gomendioak jarraitzea. Helduei maskarillaren erabilera beharrezkoa zela gogorarazi zieten eta gel desinfektantea ere eskuragarri jarri zuten, ekitaldi bakoitzera sartzeko. Eta eguneko hiru ekintzetan ere, segurtasun distantzia mantendu zuten ikusleek.
Kulturaz busti ziren auzokoak
Goizeko 11:00etan hasita, gaueko 22:30ak arte egiteko ugari izan zituzten auzoko haur zein helduek. Goizean Apaxi ipuin kontalariak aho zabalik utzi zituen auzoko txikienak bere istorioekin, eta helduek haurtzarora bueltatzeko aukera izan zuten. «Zuek liburutegitik hartzen al dituzue ipuinak? Nik mendian topatzen ditut!», hasi zuen saioa Apaxik. Barre eta algarak protagonistak izan ziren ipuin kontalariaren umoreari esker. Ume eta helduak bere saioaren protagonista bihurtu zituen nolabait, ikusleen parte hartzea eskatu zuelako.
Gero, bazkaltzeko tartea izan zuten auzokoek eta arratsaldeko 19:00etan ekin zioten egitarauaren bigarren ekitaldiari. Bakean dagoena, bakean utzi antzezlana aurkeztu zuten Mirari Martiarenak eta Idoia Torregaraiek. Umorezko ikuskizuna izan zen eta honetan ere, saiorako sarrera guztiak agortu ziren. Izan ere, ekitaldi guztietan plaza mugatuak zeuden eta goizeko ekitaldian bezala, arratsaldean ere plazako eserleku guztiak bete ziren.
Aktoreek euskara eta generoa umoregai hartuta, eta «betaurreko umoreak jantzita», euskalkiak, onomatopeiak, amatasuna, gorpuztasuna eta kristalezko sabaia bezalako gaiak izan zituzten gai protagonistak ordubete inguruko emanaldian. Martiarena eta Torregaraik sei bakarrizketa aurkeztu zituzten, elkarrekin josita. Eta saio honetan ere, kulturaz bustitzeko aukera izan zuten gerturatu ziren auzotar guztiek.
Eta eguna amaitzeko su festa izan zen Ergobin, Piroteknia Valecearen eskutik. Auzotar guztiek zerura begira bukatu zuten atzo, eta amaiera borobila eman zioten Ergobiko kultur egunari. Su artifizialek zerua kolorez margotu zuten eta auzokoek gozatu egin zuten ikuskizun eder honekin. Gainera, eguraldiak lagundu egin zien Ergobikoei. Euririk ez zuen egin eta antolatutako hiru ekitaldiak behar bezala egin ziren. Horregatik, festarik ezean, egun paregabea bizitzeko aukera izan zuten auzotar guztiek. Helburua kultura bizirik mantentzea eta egun polita bizitzea zen, eta aski bete zuten bertakoek.
Irailaren 13an antzezlana Hernanin egongo da ikusgai
Atzoko egunean Ergobira gerturatzeko aukera izan ez zutenek aukera izango dute datorren irailak 13an Idoia Torregarai eta Mirari Martiarenaren antzezlana ikusteko. Aktoreek Bakean dagoena, bakean utzi antzezlana eskainiko dute Biterin, arratsaldeko 20:30etan.