«Ergobin jan eta edanean ongi ibiltzen gara, baina aurten ez da horretarako garaia»

Kronika - Erredakzioa 2020ko abu. 22a, 00:00

Oskar Bereziartua pasa den urteko sagardo dastaketan.

Danak Bat Elkarteak antolatzen ditu San Bartolome jaiak, baina aurten arduraz jokatuko dutela dio Oskar Bereziartuak.

Ergobiko San Bartolome festak oso estimatuak dira eta bertara jende asko hurbiltzen da Astigarragatik eta Hernanitik. Abuztuaren amaiera aldera, San Bartolome egunaren bueltan, ospatzen dira beti eta aurten zoritxarrez bertan behera geratu dira.

Auzoko Danak Bat Elkarteak antolatzen ditu, Astigarragako Udalaren laguntzarekin eta orain bi urte Agustin Urreagak esatari lanak utzi eta gero, bere lekukoa hartu zuen lan horietan Oskar Bereziartuak. Festen antolakuntzan ere aritzen da eta aurten jaiak ez egitearen erabaki zaila nola hartu zuten argitzen du Danak Bat elkarteko kideak «Ergobin jan eta edanean ongi ibiltzen gara, baina aurten ez da horretarako garaia. Arduraz jokatu behar dugu eta horrexegatik bertan-behera utzi ditugu festak».

Pena haundiarekin hartu zuten erabakia, nahiz eta beharrezkoa izan. «Zai egon gara. Pandemia hasi zenean antolaketa lanetan eta laguntza eske hasi ginen. Ez genekien zenbat iraungo zuen eta hori dena aurretik prestatu behar izaten da. Esperantza bagenuen festak antolatzeko, baina ikusirik gauzak okerrera egin dutela ez antolatzea erabaki genuen».

Auzoko festa izanagatik ere egitaraua eta antolatzen diren ekitaldiak ospea eta maila oso altukoak dira. Ez dira nolanahiko ekitaldiak eta horren islada dira besteak beste sona haundiko Sagardo lehiaketa, Idi Demak eta harrijasotzaile txapelketa. Idi pare, harrijasotzaile eta sagardotegi onenak lehiatzen dira bertan.

 

«60 urte Sagardo Lehiaketa antolatzen eta aurten ez egotea doble pena ematen dit»

Euskal Herrian ez dago Ergobiko Sagardo Lehiaketak duen tradiziorik. «60 urtetan antolatu dugu eta aurten tamalez ez da antolatuko. Nire aldetik pena doblea ematen dit; alde batetik duen ohitura luzeagatik eta bestetik Bereziartua sagardotegikoa izanik ba tokatzen zaigunagatik»

Hala ere Oskarrek argi du ezin zela antolatu. «Jende asko biltzen da, kanpotik jendea etortzen da eta protokoloak betetzea ezinezkoa zen. Oso zaila da dagoen jendetzarekin»

Arrazoi berdinagatik ezin izan dituzte idi probak eta harrijasotzaileak antolatu. «Hiru ekitaldietan lortu dugu maila altua. Harrijasotzaile onenak etortzen dira Ergobira eta baserritar jendeak oso gustoko ditu idi probak. Oso estimatuak dira bi ekitaldi horiek, baina hemen ere protokoloak betetzea oso zaila zen. Aforo kopurua, distantziak... ezin genituen behar bezala bete. Jende pilaketak saihestu behar ditugu eta hori zaila da bi kirol ekitaldi horietan».

Bazkaria ergobitarrentzat be­­re­zia izaten da. Auzotar guzti­ak elkarrekin biltzen dira jan eta edanean. Hori ere ez egitea era­­ba­ki zuen Danak Bat Elkarteak. «Ergobin ongi jaten dugu, edan ere bai. Baina ardura eta al­ko­hola ez dira ongi eramaten. Hasieran txukun egotea erraza da, baina behin edaten hasi eta gero arduratsu izatea zailagoa da. Afariekin ere berdin eta musika ekitaldietan ere protokoloa mantentzea ezinezkoa da».

 

«Kultur Eguna, batez ere auzotarrentzat»

Hala ere, zerbait egin nahi zutela argi zuten Jai Batzordekoek. «Ergobira jende asko etorri da bizitzera eta zerbait egin nahi genuen. Honela goizean ipuin kontalaria edukiko dugu umeentzat. Arratsaldean Bakean dagona bakean utzi!! antzezlana eta amaitzeko su festa antolatu ditugu. Honela auzoan disfrutatzeko aukera dute bizilagun guztiek. Gainera adin guztientzako ekitaldiak dira. Goizean umeentzako, arratsaldean adin guztientzako eta gauean su artifizialak ere denentzako. Egia esan, orain dela lau urte hasi ginen suak antolatzen eta arrakasta haundia izan dute. Jende asko etortzen da. Ordutegia ere zaindu dugu. Ekitaldi batetik bestera orduen aldea dago eta honek ziurtatzen digu protokoloa betetzeko erraztasuna».

Ergobin aurten ez dituzte festak antolatuko, baina datorren urtean berriz ere izatekotan dira, «pandemia honek uzten baldin badu» dio Bereziartuak. «Ea ze garapen duen guzti honek eta datorren urterako gauzak normaltasunera itzultzen diren. Ikusiko dugu, guk jaiak antolatuko ditugu aukerarik badago».  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!