«Inauguraziorako kanpotik beste ikuspegi bat izateak asko lagundu digu, enfoke berria izan da»

Kronika - Erredakzioa 2020ko abu. 20a, 00:00

Aintzane Barandiaran kultur zinegotzia, Agurtzane Intxaurraga Hika teatroko kidea eta Unai Alberdi astigartarra.

Musikariak, dantzariak, bertsolariak eta aktoreak izango dira 'Erribera'ko inaugurazioan. «Herria kulturaz betea dago eta herritarrak guzti honen partaide izatea nahi dugu», diote antolatzaileek.

Irailaren 12an inauguratuko da Erribera kulturgune berria, eta egun haundia izango da astigartarrentzat. Udaletxeko kideek, kultur eragileek, Hika teatroak eta beste hainbat taldeek lan haundia egin dute kultur etxe berriaren antolakuntza eta dinamika zein izango den pentsatzen. Inaugurazio ere oso berezia izango da eta hamaika sorpresa dituzte prestatuta herritarrentzat. Hika teatroa izan da inauguraziorako proiektua prestatu duena, Udalarekin eta kulturarekin harreman estua duten zenbait herritarrekin elkarlanean.
Zapata berriak izena du proiektuak eta Agurtzane Intxaurraga aritu da honetan lanean buru-belarri. «Ideia sortu zen publiko berriak sortu eta publikoa sustatzeko egitasmo baten barruan. Astigarragarekin harremanetan nengoen, herri honetako kultur dinamikarein kontakua nuen eta orduan jakin nuen kultur etxe berriarena. Aukera ezinhobea iruditu zitzaidan inaugurazioaren proiektua aurrera eramatea».

Zapata zahar, zapata berri
Kultur etxe berria irailaren 12an irekiko dute, eta agur esango diote zaharrari. Zapata berriak proiektuarekin ideia da zapata zaharrak eranstea eta berriak janztea, Erriberari ongietorria emateko. «Asmoa zen kultur etxe zaharrean hasi eta kalejira moduko bat egitea Erriberara iritsi arte, baina egoerak ez du hau baimendu», dio Aintzane Barandiaran kultura zinegotziak. Hala ere, berezia izango da eraikin baten agurra eta bestaren irekiera.

Hamaika ikusteko, 'Erribera'ko inaugurazioan
Inauguraziorako deialdia kultur etxe zaharrean egingo da eta kulturgune berrira joan aurretik, agurra egingo diote, 09:00etatik 11:00etara bitartean. Gero, 12:00etan, Erriberako ateetan elkartuko dira kultur eragile, herritar eta guzti hau antolatu dutenak. Dantzariak, musikariak, bertsolariak eta aktoreak izango dira bertan, eta kulturaz zipriztinduko dira inauguraziora gerturatzen direnak.
«Hemen, ikuskizuna ikusi eta gero, 90 pertsonek izango dute barrura sartzeko aukera. 3 taldetan sartuko dira, 3 solairu dudelako. Eraikina bisitatu eta arte mota ezberdinak ikusiko dituzte. Eta ikustaldiaren amaieran auditorioan bilduko dira», azaldu du Barandiaranek. Eraikuntzaren barrura sartzeko bi txanda egingo dira, jende kopuru haundiagoak parte hartzeko aukera izan dezan. Arratsaldean ere beste horrenbeste egingo dute beste 90 pertsonek.
Eta hor emango diote amaiera bisitaldiari, azaldu du Barandiaranek. «Hori izango da ginda: dokumentala jarriko da. Herriko bi abesbatzekin bertan dauden herritarrek Erribera ereserkia abestuko dute». Izan ere, Agin Laburu astigartar bertsolariak Erribera doinu ezagunari letra berria idatzi dio, eta «denon ahotan jartzea dugu asmoa, guztion gogoan geratzeko betiko», dio Intxaurragak.
Hala ere, garrantzitsua da azpimarratzea eraikinaren barrualdea ikusteko aukera izango dutela soilik postalaren dinamika egin duten herritarrek. Eta aurreratu zuten moduan, bildu diren postal guztiekin erakusketa bat egingo da inaugurazio egunean. «Dinamika honekin herritarrak guzti honen sortzaile izatea nagi dugu», azaldu dute. «Guztien artean eraiki beharreko sarea da hau», azaldu du Intxaurragak.
«Modu batera antolatu behar genuen aforoa. Eta 180 baino gehiagok egiten badute, zozketa egingo da», azaldu du Barandiarenek. Baina Erriberako kanpoko emanaldia ikusteko aukera herritar guztiek izango dute.
Unai Alberdi astigartarrak ere parte hartu du Erriberako inaugurazioko proiektuan. Agurtzane Intxaurragarekin batera, bideo dokumentala sortu du kultur etxe zaharrari agur esan eta berriari ongi etorria egiteko. Bien artean sortutako produkzioa izango da auditorioan proiektatuko dena, inaugurazio egunean.
Ikus-entzunezko pieza bat da, 15 minutukoa. Herritar ezberdinek kulturari buruz eta herriak eskaini diena kontuan hartuz, beraien iritzia jaso da produkzio honetan. «Aitzakia polita izango da, Astigarragak bizi duen kulturaz hitz egiteko, iradokizunak eta kritika konstruktiboak jasotzeko eta etorkizuneko eskaintzak baloratzeko», azaldu dute.

«Beharrezkoa zen kulturgune berri bat sortzea»
Kultur zinegotziaren esanetan, beharrezkoa zen kulturgune berri bat sortzea. Izan ere, herria asko haunditu da eta txiki geratu dela kultur etxe zagarra. «Konturatu gara kultura asko dagoela Astigarragan: musika eskola, dantza eskola, arte plastikoen taldea... Kulturako adar asko daude eta kabida eman behar zitzaion guzti honi».
Baina inaugurazioaren aurpegi diren hiru protagonista hauek ez dute nahi kultur etxea «estankoa edo arrotza» izatea. Izan ere, kulturgunea zerbait dinamikoa eta gertukoa izatea da beraien nahia: «Herritarrei eskatzen diegu sentitzea guzti honen protagonistak direla, dio Intxaurragak. «Astigarragako kulturgune honetan parte aktibo izan daitezela eskatzen diegu», gehitu du Barandiaranek.
Unai Alberdi astigartarrak ere emozioz bizi du Erriberaren irekiera, eta mezua bota die herritarrek: «aportatzeko eta isilik ez gelditzeko hobekuntza bat egitea posible dela uste badute. Eraikuntza egina dago, baina barrukoa oraindik eraikitzeko dago!».
«Koronabirusak kalte haundia egin dio kulturari. Ez da lehenengo mailako premia moduan ikusten eta baztertu egin da prioridaderik ez diotelako eman», azaldu du Intxaurragak. Horegatik, orain herritar guztien laguntza behar dutela diote. «Astigarragan pilar basikoak dira anbulatorioa, kiroldegia, ikastola eta zalantzarik gabe, kultur etxea», dio Alberdik. «Gogor ekin behar diogu guzti hau saretzen jarraitzeari».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!