Bidegi Foru Elkarteak jakinarazi duenez, Astigarragan egiten ari den Garraio Zentro Integraleko lanak direla eta, AP-8 autobidea zortzi orduz itxita egongo da Behobiarako noranzkoan, gaur gaueko 22:00etatik, bihar goizeko 06:00etara bitartean. Itxiera Donostian 20,250 KPtik Errenterian 12,500 KPra arte egingo da.
AP-8ko zati hori istearen ondorioz, Behobiarako noranzkoan doazen ibilgailuek GI-20 (Donostiako saihesbidea), GI-40 eta GI-41 errepideak erabili beharko dituzte, berriz ere AP8arekin lotzeko Errenterian. Adierazi dute, gaur gauetik bihar goizera egingo den mozketa beharrezkoa dela Garraio Zentrora sartzeko erreia eraikitzea aurreikusten den puntuan dagoen seinale-arkupea kentzeko. Lanek Bilborako noranzkoko ezkerreko erreiari ere eragingo diote; beraz, 3 erreietatik 2 bakarrik egongo dira irekita norabide horretan.