Kultur etxeko postalak bidaltzeko epea luzatu du Astigarragako Udalak. Hasiera batean pasa den igandera arte zegoen jarrita epe hori, baina abuztuaren 21era arte luzatu da. Postalak kiroldegian, kultur etxean, kaleko postontzietan edo udaletxean utzi daitezke.
Erribera kulturgunea irailaren 12an inauguratuko da eta orain arteko Kultur Etxeari merezi duen agurra eta Erriberari merezi duen ongietorria emateko, Udalak herritarrei proposamen bat zabaldu nahi die. Postal batean bi gogoeta idatzi, bi marrazki egin edo bi sentsazio islatzea; Agur Kultur Etxea esaldiari erantzunez bat eta Kaixo Erribera esaldiari bestea. Herritar guztiei dago zabaldua proposamena eta parte hartzera animatzen da.
Erantzunekin erakusketa egingo da Erriberan
Jasotzen diren postal guztiekin erakusketa bat egingo da, irailaren 12tik aurrera Erriberan ikusgai egongo dena. Gainera, postala bidaltzen duten herritar guztien artean, irailaren 12ko inaugurazio ekitaldiaren barne, Erribera Kulturgunea bisitatzeko sarrerak zozketatuko dira.
Postalak etxeetara bidaliko dira eta eskuragarri daude
Etxe bakoitzera postal bana bidaliko da. Baina, herritar guztiek beren postala izan dezaten, eskuragarri jarriko dira udaletxean, kiroldegian, kultur etxean eta zenbait saltokitan.
'Agur Kultur Etxea' eta 'Kaixo Erribera' esaldiei erantzuna
Postalaren atzealdean Agur Kultur Etxea eta Kaixo Erribera esaldiei erantzun behar zaie. Oroimenak, sentimenduak, desioak, koloreak, hitzak edota marrazkiak jarri daitezke.