Xaguxarreko eta kiroldegiko udalekuak, abuztuan martxan

Kronika - Erredakzioa 2020ko uzt. 31a, 00:00
Xaguxarrek antolatzen dituen udalekuak aurrera eramango dira abuztuan.

Erabaki hori hartu dute Udalak eta antolatzaileek prebentzio neurri guztiak betez.

Xaguxarreko udalekuak eta kiroldegiko jolas txiki eta multikiroleko abuztuko txandak martxan jarriko direla erabaki dute Udalak eta antolatzaileek.

Joan den uztailaren 18an Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko Departamentuak udalekuak ixteko gomendioa egin zien udalei. Horren ondotik, gomendio horri jarraituz, Astigarragako Udalak erabaki zuen Xaguxarren udalekuak, kiroldegiko jolas txiki eta multikirola, eta Gaztelekuko jarduerak bertan behera uztea.

Bertan behera utzi ondoren, bizpahiru egunetara, herri gutxi batzuetan erabaki zuten udalekuak berriz martxan jartzea, nahiz eta Osasun Publikoko Departamentuak uztailaren 22an berriz gomendioa eman udalekuak ixteko. Gomendio horretan adierazi zuen 10 egunetara berrikusiko zituztela gomendioak eta neurriak.

Eusko Jaurlaritzak uztailaren 29ko aldizkari ofizialean argitaratu du Covid-19a zabaltzea saihesteko neurrien inguruko agindua, arloz arlo prebentzio neurriak zehazten dituena.

Agindu horren 3.22 atalak zehaztu du, haur eta gazteentzako aisialdiko jarduerak egin ahal izango direla, beti ere arlo horretarako ezarritako prebentzio neurriak betez. Hori guztia kontuan hartuta, Astigarragako Udalak, Xaguxarrek eta kiroldegiak erabaki dute, Xaguxarren abuztuko udalekuak eta kiroldegiko jolas txiki eta multikiroleko abuztuko txandak martxan jartzea. Uztaileko txandetan bezala, abuztuko txandetan udalekuetarako ezarritako prebentzio neurri guztiak beteko dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!