UDALA

'Agur Kultur Etxea... Kaixo Erribera' mezua postaletan jaso nahi du Udalak

Kronika - Erredakzioa 2020ko uzt. 30a, 00:00

Erribera kultur etxeko inaugurazioa irailaren 12an egingo da eta, herritarrei postal bat betetzeko eskatuko zaie esaldiei erantzunez. 

Erribera kulturgunea irailaren 12an inauguratuko da eta orain arteko Kultur Etxeari merezi duen agurra eta Erriberari merezi duen ongietorria emateko, Udalak herritarrei proposamen bat zabaldu nahi die. Postal batean bi gogoeta idatzi, bi marrazki egin edo bi sentsazio islatzea; Agur Kultur Etxea esaldiari erantzunez bat eta Kaixo Erribera esaldiari bestea. Herritar guztiei dago zabaldua proposamena.


Erantzunekin erakusketa egingo da Erriberan
Jasotzen diren postal guztiekin erakusketa bat egingo da, irailaren 12tik aurrera Erriberan ikusgai egongo dena. Gainera, postala bidaltzen duten herritar guztien artean, irailaren 12ko inaugurazio ekitaldiaren barne, Erribera Kulturgunea bisitatzeko sarrerak zozketatuko dira.

Postalak etxeetara bidaliko dira eta eskuragarri daude
Etxe bakoitzera postal bana bidaliko da. Baina, herritar guztiek beren postala izan dezaten, eskuragarri jarriko dira udaletxean, kiroldegian, kultur etxean eta zenbait saltokitan.

'Agur Kultur Etxea' eta 'Kaixo Erribera' esaldiei erantzuna
Postalaren atzealdean Agur Kultur Etxea eta Kaixo Erribera esaldiei erantzun behar zaie. Oroimenak, sentimenduak, desioak, koloreak, hitzak edota marrazkiak jarri daitezke.

Non eta noiz utzi daitezke postalak?
Udaletxean, kiroldegian, kultur Etxean edo kaleko postontzietan utzi daitezke. Abuztuaren 9a izango da azken eguna postalak uzteko.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!