Bertso kata eta afari musikatua gaur, Petritegi sagardotegian

Kronika - Erredakzioa 2020ko uzt. 27a, 00:00
Aitor Mendiluze ariko da bertsotan Petritegin, Iker Zubeldiarekin batera.

20:30etan hasita, Aitor Mendiluze eta Iker Zubeldia ariko dira bertsotan, eta Imanol Kamio musika jotzen.

Hirugarren hitzordua izango du gaur, Sagardoak elkartzen gaitu ekimenak, Gipuzkoako Sagardogileen Elkartearen eta Bertso­za­le elkartearen eskutik. Orain­go honetan, bertso kata eta afari musi­katua prestatu dituzte, Petritegi sagardotegian.

Arratsaldeko 20:30etan hasita, Aitor Mendiluze eta Iker Zu­beldia ariko dira bertsotan, eta Imanol Kamiok gidatuko du afa­ri musikatua. 40 euro dira, eta menua ere eman dute aditzera: txorizo egosia, bakailuz betetako piperrak, bakailua saltsan, txuleta parrillan, eta etxeko sagar tarta.

Beste bi hitzordu ere izango ditu Sagardoak elkartzen gaitu ekimenak, abuztuan; baina biak ere Urumea bailaratik kanpo. Abuztuaren 7an, musika jaialdia eta afaria izango dira Usurbilgo Saizar sagardotegian, 20:30etan. Eta abuztuaren 29an, bertso afaria antolatu dute Irungo Ola sagardotegian, 20:30etan hasita hori ere: Angel Peñagarikano, Sebastian Lizaso, Andoni Egaña eta Aitor Mendiluze ariko dira bertsotan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!