Santio lasaiagoak, aurten bizitakoak

Kronika - Erredakzioa 2020ko uzt. 27a, 00:00
Ez zioten huts egin Astigar taldeko dantzariek, urteroko zitari, eta Otsagiko dantzak eskaini zituzten larunbateko emanaldian.

Emanaldi ugarirekin baina giro lasaiean ospatu dituzte aurtengo Santioak, astigartarrek. Argazki albuma ikusgai dago, albiste honetan bertan.

Desberdinak izan dira aurtengo Santioak, Astigarragan, Koronabirusaren pandemiak ez baitu aukerarik eman betiko festak egiteko. Baina, edonola ere, ez dute aukerarik falta izan astigartarrek, Santioak ospatu eta bi­zitzeko, modu lasaiagoan. Izan ere, ostiralean hasi eta igandera arte, emanaldi ugari izan dira, bereziki Txomiñene frontoian eta Erribera kultur etxe berriaren estalpean.

Baina bi toki horietan ez, online hasi ziren aurtengo Santio jaiak. Izan ere, Udalaren webgunean jarritako bideo baten bi­tartez, osasun arloan lan egiten duten herritarrei eman zieten hitza, omenaldi gisa, aurtengo pregoi birtuala egiteko. Bideo horretan bertan, Aiztondo abesbatzak eskaini zuen abesti bat; eta beste bideo bat ere jarri zuten astigarraga.eus webgunean bertan, emanaldi berezi batekin: Eragiyok abesbatza, Txirris­klako txistulariak, eta Aritz eta Simon Goikoetxea txalapartari­ak aritu ziren, horretan. Bi bide­oak daude ikusgai, oraindik.

Baina bideoetatik aurrez aurrekora eginda, ostiral arratsaldean bertan atera ziren kalejiran, Txirrisklako txistulariak, kaleak alaitzera. Eta esku pelota partiduak izan ziren frontoian; tartean, Astigarragako Pelota Txapelketaren finala: Harri Loidi eta Ekain Lizeaga nagusitu ziren, Eñaut Lizeaga eta Iban Azanzaren kontra (22-15). Zetak taldearen kontzertuak borobildu zuen, gauean, jaien hasiera.

Santio egunean, berriz, Erribera estalpean izan ziren Tenampas mariatxiak eta Chef Nature haurrentzako ikuskizuna; eta bi dantza saio frontoian: Romaneascaren dantza errumaniarrak, eta Astigar taldeko eta Lizartzako dantzarien saioa.

'Chef Nature' emanaldiarekin gozatzeko aukera izan zuten haurrek, larunbatean.

Eta Santa Ana egunean, azkenik, hiru emanaldi ezberdin izan ziren: Kukairen Fair play dantza ikuskizuna eguerdian, Oihulari Klownen Gabe emanaldia arratsaldean, eta Ez da kasualitatea emakumezkoen bertso saio musikatua, bukatzeko.

Santa Ana eguneko topa, sagardoarekin, internet bidez egin zuten, bideo batekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!