Ibai-parkearen gunea osatzera bideratuko dute herritarrek, aurrekontu partehartzaileen partida osoa

Kronika - Erredakzioa 2020ko uzt. 26a, 00:00
Hainbat elementu eta gune berri jarriko dituzte Andre Gobadarien ibai-parkean, aurrekontu partehartzaileen partidarekin.

515 astigartarrek eman dute botoa, bakoitzak lau proposamen aukeratuz; eta 315 boto jaso ditu Andre Gobadarien ibai-parkeari buruzkoak: jarriko dute pantalan bat, txakurrentzako espazio itxia, jolas gunea, gimnasio espazioa...

Bukatu da aurtengo aurrekontu partehartzaileen prozesua, eta dagoeneko aukeratu dute herri­tarrek, zertara bideratu nahi du­ten 210.000 euroko partida: Andre Gobadarien ibai-parkearen gunea osa­tzeko izango da partida osoa.

Izan ere, proposamen horrek jaso ditu boto ge­hi­en, eta 210.000 eurokoa da bere aurrekontua, honakoak egiteko: pantalan bat, argiteria indartu, txakurrentzako espazio itxia, adinekoentzat ariketa fisikorako gunea, haurrentzat jolas gunea, gimnasio espazioa...

515 herritarrek eman dute botoa, aukeran zeuden 21 proposamenen artean; bakoitzak, horietatik lau aukeratu ahal izan ditu, gehienez. 315 astigartarrek hautatu dute ibai-parkea osatzeko proposamena, bere aukeren artean. Bigarren bozka­tue­na izan da hondakin organikoentzako poltsa konpostaga­rrien do­ako banaketa, herrian horretarako bi makina jarrita, 50.000 euroko aurrekontuarekin. 176 boto jaso ditu, baina aurreneko proposamenak 210.000 aurrekontu osoa hartu duenez, beste proposamenik ez da gauzatuko aurtengo partidarekin.

Beste hiru proposamen izan dira, 100 boto baino gehiagorekin: haur parkeen hobekuntza (210.000 euro), 145 botorekin; Bidebitarteren zati bat asfaltatzea (210.000 euro), 112 botorekin; eta herri baratza parke publiko berri bat egokitzea (130.000 euro), 112 botorekin hori ere.

Eta botoen araberako ordenean, honakoak izan dira hurrengoak: euskeraren erabilera sustatzeko programa (95 boto), irisgarritasuna hobetzeko lanak (95 boto), Santiomendiko aterpea eta inguruak berritzea (91 boto), genero berdintasuna sustatzeko ekintzak (85 boto), eta Arrobitxu­lon gune estali bat egokitzea (82 boto). Horiek osatu dituzte aurreneko hamarrak, baina proposamen guztiek jaso dituzte botoak; gutxienak, 22 boto.

Udalak eskerrak eman nahi izan dizkie, «prozesu honetan parte hartu duten astigartar guztiei, proposamenak aurkezteko fasean edota galdeketan».

Bozketan parte hartu duten 515 herritarren artean, gehiengoa dira 30-49 urte bitartekoak (345 herritar, %67a). Gene­roaren aldetik, emakumeek har­tu dute parte gehiago (%56,5).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!