Ikatza taberna

«Bezero berdinak mantendu nahi ditugu eta gazteen freskotasuna ere ekarri nahi dugu»

Kronika - Erredakzioa 2020ko uzt. 24a, 00:00
Lide eta Josebak argi daukate tabernetan ezarritako neurri eta baldintzak beteko dituztela, «bai ordutegia, bai eta ezarritako neurri guztiak».

Duela gutxi, Ikatza Tabernak, jabe aldaketa generazional bat izan du. Izan ere, lehengo jabeek, lekukoa pasa diete alabari eta bere bikote kideari. Oraingo honetan, indar berrituta datoz Lide eta Joseba jabe berriak: «udari begira eskaintza berriak dauzkagu, gogotsu gaude, eta Santio jai hauetan, argi daukagu ezarritako neurriak eta baldintzak beteko ditugula».

Astigarragako kaleak girotzen dituzten hamaika taberna daude, eta haietako bat da Kale Nagusian kokatuta dagoen Ikatza Taberna. Duela gutxi ireki ditu ateak berriro, konfinamenduak eraginda itxita egon baita. 

Aldaketa generazional bat ere izan du, izan ere, lehengo jabeek, lekukoa pasa diete hauen alaba den Lideri, eta bere bikote kidea den Josebari. Jabe berriak, indarrez datoz, eta jakinarazi dute gazteak direnez, «freskotasun berri bat» emango diotela tabernari. Hala ere, gurasoek orain arte izan dituzten bezeroak mantendu nahi dituztela ere azaldu dute: «orain arteko bezeroekin jarraitu nahi dugu, baina gazteak ere erakarri nahi ditugu. Egia da, gure inguruko jendea, adin tarte on batean dagoela, azkenean gure adinekoek poteatzeko joera hartzen dute, dirua daukate gastatzeko. Eta lehendik zeuden bezeroak ere hor daude, eta ez ditugu galdu nahi».
 

Ikatzan ere, deskontu bonuak

Astigarragak, bonuen kanpaina jarri zuen martxan uztailaren 1ean, eta Ikatza Taberna bertako parte hartzaileetako bat izan da, bi motatako bonuak eskainiz. Lidek azaldu du prezio baxuko bonuak dauzkatela, «bi bonu dauzkagu, 10 eurokoak eta 20 eurokoak. Nahita hartu genituen bono txikiak egia esan. 50 euroko bono bat hemen ez genuelako oso bideragarria ikusten», eta Josebak gaineratu du «bonuaren prezioa edo gehiago gastatu behar da, eta 50 euro taberna honetan gastatzeko oso ronda haundia atera behar da. Horregatik bono txikiak eskaintzea erabaki genuen, errazagoa delako 10 euro eta 20 euroko bonoak gastatzea gosarian, poteoan...». Lidek dio, bono hauekin egin daitekeela «familiarekin etorri eta lau pote kalamarrekin batera jan. Azkenean nahi dugu ekonomikoa izatea, eta mundu guztiak erosi ahal izatea. Gertatu daiteke familia batek, 50 euroko bono bat taberna batean ezin gastatzea». 

Eta orain arteko esperientzia, positiboa izan dela azaldu dute, «saldu ditugu tiket dexente, hala ere pentsatzen dugu, jendeak ez duela oso ondo ulertzen bonu hauen funtzionamendua. Jendeak erosten ditu bonuak, gertuko eta hemengo komertizoari laguntzeko, eta hori oso ondo dago. Baina aipatu moduan, funtzionamendua ez dute ulertzen askok, azkenean 20 euroko bonu batekin, ezin duzu pintxo bat, edo kafe bat  eskatu, bonuek ez dute horrela funzionatzen, bonuaren kantitatea edo gehiago gastatu behar baituzu. Hala ere, espero dugu oraindik asko saltzea eta gure tabernara etortzea bonu hauek gastatzera. Baina orokorrean badakigu oso ondo joan dela bonuen proiektu hau, eta asko poztu gara, jende asko ari delako bertako komertzioari laguntzen. 

Santio Jairik ez, aurtengoan

Hasiera batean, «beldurra» adierazi dute, Ikatza Tabernako jabe berriek, ez baitakite zer etorriko den. Josebak azaldu du, «kalean ikusten da jendeak, jai giroa nahi duela, eta hori ezin da kontrolatu».  Hori horrela, alkatearekin hitzordua eskatu eta bilera bat antolatu zuten pasa den asteazkenean, alkateak eta Astigarragako zerbitzitzari zein jabeek, Santioetako nondik norakoak aztertu eta zein neurri hartu behar dituzten ikusteko. 

Bilera azkarra izan zela jakinarazi dute, «nahiko azkar hartu genituen erabakiak. Ordutegiari buruz hitz egin genuen, eta eztabaida batzuen ondoren, gaueko 02:30etan ixtea erabaki dugu. Beraz, tabernak eta terrazak itxita egon beharko dute ordu horretarako, hau da 02:30etarako». Joseba eta Lide ados daude hartutako erabakiarekin, izan ere, «egun osoa aprobetxatu daiteke, eta bizi dugun egoeran ezin gara kexatu. Esan bezala, egun osoan edukiko dugu taberna irekita, beraz, Santio Jaiez, egunean zehar aprobetxatu daiteke, gaueko ordu txikiak arte, 02:30etara behintzat, badago denbora disfrutatzeko». 

Musikari buruz ere jardun dute bileran, eta erabaki da, ez dela girotuko duen musikarik jarriko, «jendeari festarako gogoa sartuko zaiolako, eta horrek arriskuak dakartza». 

Beraz, Lidek eta Josebak erabaki dute musikarekin asko mugatuko direla, «gure gune indartsuena musika da, ez dugu altu jarriko, horrek festarako giro gehiegi sortuko duelako eta jendea dantzatzen hasiko da, eta oso baxu ere ez dugu jarri nahi, erdiko zerbait. Azkenean ez gaude egoera normal batean. Zaila da neurtzea zer egin edo zer ez, azkenean konplikatua da bizi dugun egoera hau». 

Maskarilak, distantziak eta desinfektazio lanak 

Covid-19aren hedapena sahiesteko, hainbat neurri jarri dira, eta  Ikatza tabernako jabeek, argi daukate neurri hauek beteko dituztela, izan ere, maskarilekin egingo dute lan, jendeak euren arteko distantziak gorde beharko dituzte, eta tabernako hainbat eremu eta txoko desinfektatuko dituzte. «Neurriak bete nahi ditugu, azkenean ez badira egiten, gurea da erantzukizuna. Eta positibo emanez gero gutako batek, hau da, jabe zein langile batek, itxi egin beharko genuke taberna, eta ez dugu hori nahi. Nahiago dugu, egunero ireki, neurriak bete eta 02:30etarako itxi. Horrela, poliki baina iraungo dugula uste dugu, pandemia hau igaro bitartean behintzat, neurriz eta buruarekin egin nahi digutu gauzak, eta uste dugu, bide onetik goazela.

«Barra barruan ere, giro paregabea»
Ikatzako jabeek, azaldu dute, aurtengo Santioak «oso ezberdinak» izango direla, ez baitira festak egingo. Lidek dio, tristura eta poza, biak aldi berean dituela: «bai, nahiko sentimendu kontrajarriak dauzkat, triste ezin ditutelako nire herriko festez gozatu, baina barra barruan ere jai giroa sortzen dugu, armonia ederra dago. Zerbitzarien artean oso giro ona egoteaz gain, herriko jendearekin egiten duzun harremana ederra da, eta oso ondo pasa dezakezu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!