Santioak

Betiko Santioen faltan, sagardoak, musikak eta dantzak alaituko dituzte egun bereziak

Kronika - Erredakzioa 2020ko uzt. 24a, 00:00
Astigar dantza taldeak ere eskainiko du emanaldietako bat, egun hauetan.

Ez dituzte Santio jaiak ospatuko Astigarragan, bere horretan; baina zenbait ekintza prestatu dituzte gaurtik igandera. Bideo bitartez egingo diete eskertza gaur, osasun arloko langileei, Astigarragako Udalaren webgunean.

Santio eguna da bihar, eta festetako egunak, izatez, gaurtik au­rrerakoak. Baina ez da betiko Santiorik izango aurten: festarik ez, eta ezta parrandarik ere. Baina egun bereziak ospatzeko, zenbait ekintza prestatu dituzte, gaurtik igandera bitarte.

Gaur arratsaldeko 19:00etan jarri dute hitzordua, Udalaren web orrian (astigarraga.eus), eta bideoa jarriko dute bertan, Astigarragako osasun arloko langileei. Aiztondo abesbatzak ere hartuko du parte omenaldian, kantari.

Emanaldi berezia, Eragiyok abesbatzak, Txirrisklako txistulariek eta Simon eta Aritz Goikoetxea txalapartariek

Eta eskertza bideoaren segidan, Udalaren webgunean bertan, bes­te bideo bat jarriko dute, ema­naldia berezi batekin. Bertan ariko dira Eragiyok abesbatza, Txirriskla txistulari taldea, eta Simon eta Aritz Goikoetxea txalapartariak. Izan ere, euskal musikaren zenbait pieza grabatu dituzte azken egunotan, Astigarragako hainbat txokotan; eta horiek eskainiko dizkiete herritarrei: «sinbolismoz betetako kantuak aukeratu ditugu, emanaldiarako», aurreratu dute.

Hasteko, Sagardoaren deia ekarriko dute Goikoetxeatarren txalaparta hotsek; eta segidan, Agur zaharra kantatuko du Eragiyok abesbatzak: «Astigarra­ga­ko herriari omenaldi gisa egin­go dugu, eta COVID-19 gaitza ja­san zein bere karga arintzeko lane­an eta zaintzan aritutako guztiei omenez. Horrela, bat egingo dugu Udalak berak eskainiko dien omenaldiarekin».
Herriko seme kuttuna den Norberto Almandozek ere izango du bere tokia, urte seinalatua baita gainera: bere heriotzaren 50garren urteurrena izango da. Horregatik, musikari astigartarrak moldatutako euskal musikako lanetako bat eskainiko dute gaurko  emanaldi berezian: Goiko mendiyan.

Omenaldia egingo diete Astigarragako osasun arloko langileei, gaur arratsaldean, bideo baten bitartez. Aiztondo abesbatzak ere kantatuko du, omenaldian.



Eta noski, ez dira faltako jai giroko abestiak ere: «aurten ez da Santio jairik izango, baina ezin ditugu alde batera utzi alaitasuna eta poza», diote. Horrela, Mendirik mendi eta Erromerian biribilketak eskainiko dituzte, Eragiyok abesbatzak eta Txirrisklako txistulariek.
Bertsoek ere izango dute tokia emanaldian: «Joan Batista Elizanburu lapurtarrak, sorlekuaren ikuspegi bukolikoa eta lurrarekiko maitasuna adierazi zituen, Nere etxea (Ikusten duzu goizean) bertso zoragarrietan; eta Aita Donostiak egindako mol­daketekin kantatuko ditugu».
Eta azkenik, gogora ekarriko dute Jose Maria Iparragirre musikari eta kantariaren jaiotzaren 200garren urteurrena: Gernikako arbola kantatuz emango dio bukaera kontzertuari, Eragiyok abesbatzak.

Gaur arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Udalaren webgunean ikusgai egongo da emanaldia, bakoitzak nahi duenean ikusteko; eta sare sozialetako bere kanaletan ere jarriko du Eragiyok abesbatzak (YouTube, Facebook eta Instagramen).
Abesbatzak aurreratu du, gai­nera, irailean bueltatuko dela zuzeneko emanaldietara: «besteak beste, Erribera kultur etxe berriaren irekieran, Donostiako Mariaren Bihotza abesbatzak an­tolatzen duen Antxon Sierra oroi­tuz musika zikloan, eta Pasai Donibanen Itsas Mendi musika taldeak antolatutako Musika jardunaldiak ekimenean».

Astigarragako Pelota Txapelketaren finala, gaur

Beste ekintzarik ere izango da gaur bertan, txistularien kale buelta tartean. Eta gaur jokatuko dira, baita ere, Astigarragako Pelota Txapelketaren finalak. Arratsaldeko 19:00etan izango da hori, Txomiñenen; eta aurrez aurre ariko dira, joan den larunbateko semifinaletan iraba­zi zuten bi bikoteek: Eñaut Lizeaga astigartarra eta Iberoko Iban Azanza (Jokin Santxez lesionatuaren partez aritu da); eta Harri Loidi eta Ekain Lizeaga astigartarrak. Semifinaletan, Eñaut Lizeagak eta Azanzak kanporatu zituzten Hodei Exposito eta Oier Gurutzealde astigartarrak; eta Loidik eta Ekain Lizeagak, berriz, Barandiaran astigartarra eta Etxeberria oiartzuarra. 

Finalaren ondoren, bigarren partidu bat ere izango da, Astigarragako esku pelotarien artekoa: Aner Urdangarin eta Axier Saralegi, Xuban Goñi eta Ellande Geta­ria­ren kontra.

Aforoa mugatua izango da, eta partiduak ikusteko, aldez aurretik hartu behar zen gonbidapena, Ikatza tabernan eta kiroldegian; dagoeneko agortuta daude sarrera guztiak.

Emanaldi berezia prestatu dute Txirriskla txistulari taldea, Eragiyok abesbatzak eta Aritz eta Simon Goikoetxea txalapartariek; eta Udalaren webgunean egongo da ikusgai.

 

Lasai eta eserita ikusteko emanaldiak, zenbait tokitan

Asteburuan, musika eta dantza emanaldiak ere izango dira, haur eta helduentzat, lasai eta eserita ikustekoak. Horietako batean, esaterako, ez du huts egingo Astigar dantza taldeak.

Emanaldietarako, aukeratu dituzte, aforoa eta neurriak kon­trolatzeko moduko tokiak: Erribera kultur etxe berriaren estalpea, edota Txomiñene frontoia, besteak beste.

Helburua da, astigartarrek gozatu ahal izatea ekintza batzuekin, egun berezi hauetan, nahiz eta berezko jairik ez izan. Horretarako, doako sarrera hartu be­har­ko dute, tokia gordetzeko; baina ia denak daude agortuta, dagoeneko.

Santa Ana egun berezia, familian edo lagunartean ospatzeko gonbitea

Santa Ana eguneko ohiko ospakizunik ere ez da izango igande honetan; baina bakoitzak bere modura ospatzeko gonbitea luzatu diete astigartarrei.

Horrela, eguerdiko 12:00etan, 45garren Santa Ana eguneko bideoa jarriko dute Udalaren web orrian. Eta horrekin, sagardoaz gozatzera animatuko dituzte herritarrak. Horretarako, pack berezi bat prestatu dute: bi sagardo botila; sagardo edalontzi berezia, Santa Anako irudi lehiaketan irabazle izan den marrazkiarekin serigrafiatutakoa; Santa Anako zapia; eta San­ta Ana egunari buruz prestatu duten liburuxka.
Lote hori eskuragarri dago, Sagardoetxean eta herriko hain­bat establezimendutan: Beti Go­xo, Bukoi, Ekaitz, Ibai Lur, Ikatza, Kizki eta Laket tabernetan; Astigarraga Hortz Klinikan, Ezpela naturdendan, Merke Azokan, Lur jostunaren dendan, Pas­tain Argazkiaken, Ipintza sagardotegian, eta Troya jatetxean.

Hainbat musika eta dantza emanaldi antolatu dituzte egun hauetarako, eserita eta lasai ikustekoak; eta doako sarrera hartu behar da horiek ikusteko, baina ia guztiak daude agortuta, dagoeneko.



Ohiko moduan izango ez ba­da ere, beharrezko guztia izan­go dute astigartarrek, pack horiekin, Santa Ana eguneko sagardo dastaketaz gozatzeko: «festa herritarren etxeetara gerturatu, eta nahi dugu lagunartean zein familiartean gozatzea, Astigarragako 45garren sagardo dastaketa honetaz», azaldu dute.

Gainera, argazki lehiaketa bat ere prestatu dute, festa etxeetatik haratago zabaltzeko asmoz. Familian zein lagunekin egindako sagardo dastaketetan, argazkiak atera eta sare sozialetan zabaltzea eskatu dute, horretarako #santaana2020 traola erabilita, igandera bitartean. Argazki horiek guztiek hartuko dute parte lehiaketan, eta horietatik esanguratsuena aukeratuko dute: parte hartzen duten sagardoen lote bat izango da saria, irabazlearentzat.

Gainera, #santaana2020 trao­larekin argitaratutako argaz­ki­ekin, bilduma bat osatuko dute, eta sare sozialetan argitaratuko dute, herritarrek ikusi ahal izateko, nola ospatu den aurtengo Santa Ana egun berezia. Argazki horiek erabiliko dituzte, baita ere, igande eguerdian Udalaren web orrian zabalduko duten bideo hori osatzeko.

Egungo egoerari egokituta, beraz, bestelako Santioak izango dira aurtengoak: fami­lian edo lagun talde txikietan gozatzekoak, giro lasaiean eta osasungintzatik ezarritako neurriak betez. Pa­­rran­­da­rik ez da izango aurten, da­­to­rren urtean behar­ko du horrek; baina erakutsiko dute, beste modu batera ere bizitu eta goza­tu dai­tezkeela Santioak. Ekitaldietarako sarrerak agortuta daude, astigartarrak horiekin gozatzeko gogotsu dau­den seinale!

Egoera zailetan ere, bereziak izango dira Santioak Astigarragan, beste behin. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!