Xabier Urdangarin

«Nahi dugu astigartarrek ekintza batzuetaz gozatzea, baina tamainan, eta arduraz jokatuta»

Kronika - Erredakzioa 2020ko uzt. 24a, 00:00
Xabier Urdangarin alkatea, udaletxeko balkoian. Aurten ez dute jaietako txupinazorik botako, bertatik.

Neurriak bete eta arduraz jokatzea eskatu die Xabier Urdangarin alkateak, astigartarrei, Santio jairik gabeko egun berezi hauetan: «egun lasaiak izatea nahi dugu; sekulako parranda egiteko asmo horiek, lekuz kanpo daude», adierazi du.


Betiko Santiorik gabeko uztaila dugu hau. Nolako egunak izango dira datozenak, Astigarragan?

Gure helburua da izatea egun lasaiak; eta gainera, ikusita azkeneko 10-15 egunetan ikusi duguna, iruditzen zait denok jarri behar dugula ardura asko. Beraz, ekitaldi batzuk bai, izango dira; musika, dantza, pelota partiduak... Baina saiatu gara ekitaldi horiek ahalik eta kontrolatuen egiten, aforoa neurtuz eta abar; eta ez genukeena nahi da, hori aitzakia bihurtzea, edozertarako. Denok jokatu behar dugu arduraz. Eta alde horretatik, tabernak eta jatetxeak zabalik daude, eta horietara joan daiteke, neurriak hartuz, baina ahaztu egin behar dugula, sekulako parranda egiteko asmo horietaz. Hori lekuz kanpo dago.

Familia edo lagun arteko giro lasai batean ospatzea da asmoa, beraz.

Bai, hori da. Hemen ohitura dago, Santio egunean, bezperan zein Santa Ana egunean elkartzeko koadrilan edo familian. Orain, legez badaude kopuru batzuk, elkartzeko modukoak. Eta neurriak betez, egin daitezke hainbat gauza, baina tamaina hartuta. Santa Ana egunik, adibidez, ez da egingo; eta atera ditugu pack batzuk, edalontzi berezi batzuekin 45 urte direlako Santa Ana ospatzen. Nahi dugulako jendeak egun horretan sagardoa edan dezala, baina etxean edo bestelako giro batean; ez behintzat jende pilaketekin. 
Bi aukera zeuden. Aurrenekoa zen, dena bertan behera utzi eta ezertxo ere ez egitea, eta denak etxean egotea; eta hori badakigu zer den... Eta bigarrena, horren alternatiba, zen zerbait egitea, ahal den neurrian disfrutatzen saiatuz, baina tamainan. 

Zein ekintza mota izango dira?

Bertako jendearentzako antolatutako ekintzak izango dira. Dantza emanaldiak izango ditugu, batetik; Astigar dantza taldeak egingo du saiotxo bat, eta Kukai dantza taldea ere badator. Eta bestetik, musika emanaldiak izango dira, helduentzat zein haurrentzat, eserita ikustekoak. Sarrera doakoa izango da, baina aldez aurretik hartu beharko da, lekua gordetzeko eta aforoa kontrolatzeko. Saiatu gara ekitaldiak antolatzen, kontrolatu daitezkeen tokietan: plazan, kultur etxe berriko estalpean... Nahi dugu jendeak buruan izatea, pilaketak saihestu behar direla. Sarrera izanez gero, joan, neurriak bete, eta disfrutatu. Emanaldi guztiak izango dira geldirik ikustekoak. Txistulariek egingo dute diana Santio egunean, baina gainerakoan, ez da izango txarangarik eta horrelakorik. Zabalkunderik ere ez diegu eman nahi izan ekitaldiei, saihestu nahi dugulako beste herrietako jendea etortzea. Astigartarrek izan ditzatela emanalditxo batzuk, udarako giroan eta batzuk oporretan daudela aprobetxatzeko.

Zein mezu helarazi nahiko zenieke herritarrei?

Bazirudien Gipuzkoan dena konpondu zela, eta ez da hala. Azkeneko 10-15 egun hauek erakutsi digute pandemia betean gaudela, eta bueltatu garela maiatza hasierako egoerara. Beraz, zentzuz eta arduraz jokatzen jarraitu behar dugu. Gauza batzuk egin daitezke, baina neurriak zorrotz betez. Beste herri batzuetan gertatu da, eguerdi partean, poteoan, jende pilaketak izan direla... Kasu horietan, arduraz aritu behar dugu, eta taberna batean jende asko ikusten badugu, beste batera joan, edo etxera. Orain bertan, foko nagusiak aisialdiaren bueltan gertatzen ari dira, tabernen inguruan eta abar. Ez da ezinbestekoa sekulako parranda egitea. Emanaldi batzuk dauzkagu, eta familian edo lagunekin hartu dezakezu zerbait. Izan ere, gauzak ondo ez egin eta gaixo kopurua haunditzearen ordaina, badakigu zein den: etxera bueltatu beharko dugu. Hori ondo probatuta daukagu, eta uste dut hobea dela gauzak tamainan egin eta ahal dugun neurrian disfrutatzen jarraitzea.

Beldur zarete, parranda giro hori sortu ote daitekeen?

Bai. Gazteekin pentsatzen dugu askotan, eta gazteek ere behar dute hori. Parranda gogo betean daude, ikasturtea bukatu dute, eta ikasturtea ez da batere erraza izan, gainera; hori ere ulertu behar da. Eta sortzen zaizu kezka, baina pentsatzen dut ulertuko dutela egoera zein den. Gazte batek pentsatu dezake, gaixotzen bada, pasako duela eta kitto. Baina arriskua ez da hori, bere inguruko pertsona helduak eta adinekoak kutsatu ditzakeela baizik. Beraz, ariketa hori egin, eta tamaina hartu behar diogu denok. Eta ez gazteek bakarrik. Askotan gazteei begira jartzen gara, baina gero, helduek ere ez dugu behar bezala betetzen, tabernetan eta terrazetan distantzia errespetatzearena. Tabernariekin bilera bat egin dugu, eta haiekin ere landu dugu gaia, guztion ardura delako pilaketak saihestea.  Udarako ordutegia izango dute, eta ez festetako ordutegi zabalagoa. Eta terrazan ere, orain dauden mahai kopuruak izango dituzte, hori ere mugatuta egongo da.

Nolako udara ari da izaten herrian, orain arte? Besteetatik oso ezberdina?

Bai, zalantzarik gabe. Dena dijoa ezberdin, aurtengoan. Udaleku­en kasuan, adibidez, hasieran ez genekien egin edo ez, martxan jarri genituen, eta azkenean bertan behera gelditu dira. Kiroldegia eta igerilekua martxan daude, baina oso neurri zorrotzekin. Jendearentzako oso udara arraroa ari da izaten, oraindik ez dakite oporretara joango diren edo ez, nora joango diren, noiz... Hasierako itxialdi horretatik aterata, oso denbora gutxian, bazirudien dena normal zegoela, eta hala jokatu dugu aste batzuetan. Baina ikusi dugu egoera ez zela normal jokatzekoa. Gaixo kopuruak ez dira hutsetik sortu, eta zerbaitek huts egin du.

Eta herritarren jokabidea, nolakoa ari da izaten?

Gertu tokatu arte izaten da... Ikusten duzunean gertu foko bat egon dela, ezagun bati tokatu zaiola, edo bizilagun batek positibo eman duela, orduan konturatzen gara. Baina bitartean, urruti antzean nabaritzen dugunean, eta datuak onak direnean, erraz lasaitzen gara eta ohitzen gara egoera hobera, has­ten gara betiko gauzak egiten. Baina gerturatzen zaigunean, orduan jartzen gara erne. Eta oreka hori bilatuko beharko genuke. Nahiz eta egoera hobetu, jarraitu behar dugu neurriak betetzen, eta ez hain azkar hasi gauzak normal egin nahian. Niri zaila egiten zait esaten, jendea oso gaizki edo oso ondo jokatzen ari den. Ahal dutena egiten ari dira, eta akaso batzuk lasaiegi egongo dira, bai, erraz moldatzen garelako egoera hobera, eta neurriak utzi. Eta orain, ikusi dugunez ez duela hain ondo funtzionatu, estutu beharra daukagu, eta neurriak zorrotz bete.

Ondo funtzionatu duena, herriko establezimenduei laguntzeko kanpaina da, ezta?

Bai bai. Deskontu bonoen kanpainan, dagoeneko 30.000 euro inguru saldu dira bonoetan, eta abuztuaren bukaerara arte egongo da martxan. Dirulaguntza zuzenak ere banatu dizkiegu, ia 30 establezimenduri. Eta ondo ari da funtzionatzen. Merkatari eta ostalariak ere gustora daude. Toki batzuetako bonoak arinago ari dira saltzen, baina orokorrean sentsazioa ona da. 
Haurren zaintzarako dirula­guntzen deialdia ere zabaldu du­gu, eta ea nola dijoan hori. Uda­lekuekin hilabete bat egin dugu, baina eten egin dira orain, eta ez dakigu bueltatuko diren. Osasun Sailak esan du behin-behineko neurria dela, baina uste dut Gipuzkoaren egoera hobetzeko beharko direla astebete edo 15 egun, eta horrela bagoaz abuztuan nahiko aurrera. Beraz, ea zaintzarako dirulaguntzekin betetzen dugun hutsune hori.

Zein neurritan nabaritu duzue, Koronabirusaren eragina?

Herritarrei begira, denok jasan ditugun ondorioak daude; bereziki, familiari eta umeen zaintzari lotutakoak. Haurreskola, hezkuntza... Une honetan, irailean zer izango den ere ez dakigu, nolako panorama izango den orduan. Familia askori, kezka izugarria sortzen digu horrek. Eta ziurgabetasun honek, sortzen digu denoi antsietate puntu bat, eta beldurra. Bazirudien gauzak oso ondo zijoazela, eta rebrote hauek frustrazio puntu haundi bat sortzen dute. Ia gaindituta zegoela uste genuen, txarrena pasata zegoela, eta beharbada udazkenean bueltatuko zela. Baina berriz etorri zaigu, eta horrek ezintasun puntu haundi bat sortzen du.
Eta udaletxeari dagokionez, instituzio guztietan bezala, ego­era honek sortzen izugarrizko ziurgabetasuna. Epeak mugitzen zaizkizu, gauza bat egiteko as­moa zeneukan baina atzeratu egi­ten zaizu... Administrazio epeekin nabarmen ikusi dugu hori, eten egin dira. Guk zorionez, jarraitu dugu batzordeak eta Plenoak egiten, eta martxari nahiko ondo eutsi diogu, baina, hala ere, ez da gauza bera. Dena konplikatzen zaizu asko, gauzak atzeratu, bertan behera geratu... Aurrekontu aldetik ere murrizketa haundia jaso dugu. Dena bilakatzen da zailagoa. Berez xinplea dena ere, udaran kanpoko igerilekua zabaltzea adibidez, orain konplikatu egiten da. Adibide horrekin ulertu daiteke, nola aldatu diren gauzak.

Azken asteotan, kasu berririk ez da izan Astigarragan. Badirudi beste toki batzuetan baino lasaiagoa dela egoera, baina ez dago salbu, ezta?

Ez ez, inondik ere. Gogoan dut aste askotan egon ginela 12 kasurekin, eta kolpetik igo ginen 21era. Nahikoa da familia batean edo lagun artean horrelako brote bat egotea, gehitzeko kasu pila bat. Horren adibide garbiena dira Ordizian, Tolosan edota Zarautzen gertatu direnak. Brote bat sortuz gero, kasuak aterako zaizkizu oso ugari. Eta gu ez gaude salbu, zalantzarik ez dago horretaz.

Datozen hilabeteotarako, zer daukazue buruan, udaletxean?

Batetik, daukagu haurren zaintzaren inguruko dirulaguntza deialdia; eta irailetik aurrera panorama zein den arabera, ari gara pentsatzen indartu egin beharko dugula. Udalekuak itxi diren bezala, egoera honetan ez dakit haurrak eskolan hasiko lirateken, irailean. Eta horrela ez bada, zaintzaren inguruan zerbait pentsatu beharra daukagu.

Kultur etxe berria ere zabaldu nahi dugu, eta hori, gainerako eraikin guztiak bezala, desinfekzio lan haundia eskatzen ari da, eta eskatzen jarraituko du. Eta irailean, hasi beharra daukagu 2021eko aurrekontuarekin eta ordenantza fiskalekin. Eta ho­rretan, galdera-ikur nagusia da, 2021ean zer izan­go dugun, bereziki Fondo Foraletik datorkigun diru-sarrerari dagokionez; aurtengo murrizketa izango ote dugun berriro, eta nolako kopurua jasoko dugun.

Une honetan, dauzkagun lan nagusiak dira kultur etxe berria martxan jartzea, eta hasitako obrak bukatzea: Emakumeon Plaza, Arrobitxuloko proiektua...


Alkatetzan urtebete egin baino lehen iritsi zaizue ezohiko egoera hau. Nolakoa ari da izaten, hori kudeatzea?

Alkatetza hartu bezala, ikasturte potentea geneukan aurretik. Irailean hasita, ekin genion proiektu asko idatzi eta bukatzeari, aurrekontuak zehazten, lehiaketak atera eta esleitzen... Martxa onean ari ginen, eta honek eten bat ekarri digu. Ez du erabat gelditu, baina bai zaildu. Eta normala da, egoera honek beste lehentasun batzuk jartzen dizkizulako mahai gainean. Baina lehentasun horiek izanda ere, saiatu gara martxari eusten, ahal izan dugun neurrian. Beraz, izan da urtebete bat oso betea, potentea.

Kultur etxe berria aipatu duzu. Irailerako dago aurreikusita inaugurazioa, ezta?

Bai, irailaren 12ko astebururako daukagu aurreikusita. Ekitaldi txi­kiz betetako inaugurazio bat egin nahiko genuke, baina ikusi beharko dugu, garaia iristean zein egoeratan gauden. Oraingoz aurrera goaz, eta orduan inauguratzea da asmoa. Hika Teatroarekin batera ari gara antolatzen ekitaldiak, eta gauza polita izango da. Ezingo da izan denok imajinatzen dugun inaugurazio haundia, jen­de askorekin; baina ari ga­ra bilatzen beste modu bat.

Eta DBHri dagokionez, baliteke epeak atzeratzea?

Guk bi lan geneuzkan. Batetik, urbanizazio proiektua, eta horretan lan nagusia da Santiomendiko depositotik hilerrira dijoan linea elektrikoa lurperatzea. Obra hori egiteko lehiaketa martxan dago, eta jasotako proposamenak aztertu eta obra esleitzea geratzen zaigu. Espero dugu obra hori urria aldera hasi ahal izatea, eta abendurako bukatzeko moduan izatea. Eta bestetik, landu dugu aurreproiektua; eraikinak nola enkajatzen duen partzela horretan, alegia. Hasieran bidali genion aurreproiektu bat Hezkuntza Sailari, eta horiek eginda, ekaina bukaeran bidali genion berria, eta bilera bat eskatu genion. Bilera horren zain gaude orain. Gure asmoa da lehenbailehen jasotzea aurreproiektuaren oniritzia, aurrera jarraitu ahal izateko.

Markatutako epeetan goaz, eta gure lanak egiten ari gara. Baina orain aldaketak izango dira Eusko Jaurlaritzan, eta ez dakigu zein egongo den Hez­kun­tza Sailan. Gerta daiteke, go­­bernu aldaketarekin eta Ko­ro­­­na­birusaren eraginarekin, le­hen­tasunetan behera egitea As­ti­­ga­rragako DBHren proiektuak. Orain, irailarekin eta ikastur­te berriarekin egongo dira kezkatuta, bereziki; hori izango da haien lehentasuna. Dena den, gu­rea bezalako inbertsioak ezin dira atzeratu. Leku arazoa dago ikastetxe gehienetan, eta une ho­netan, lehen baino arazo haun­­­diagoa da hori, gainera. Beraz, horri erantzun behar zaio. Eta Astigarragako kasua be­rezia da, 7.000 biztanlerekin he­rri bakarra baita DBH gabe. Koronabi­ru­sa ezin da aitzakia izan, pro­iek­tua atzeratzeko, datarik gabe. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!