Udala

Donostiako Udalaren kontrako errekurtsoa aurrera, aho batez

Kronika - Erredakzioa 2020ko uzt. 23a, 00:00
Aho batez onartu zituzten, Plenoko puntu gehienak.

Astigarragako Udalak erreklamatuko dio, epaitegietan, bereak diren lur batzuk desjabetu zirenean 
jaso zuen dirua.

Asteartean egin zuen ikasturteko azkeneko Plenoa, Astigarragako Udalak. Bederatzi puntu izanagatik ere, arin joan zen osoko bilkura, eta aho batez onartu zituzten puntu gehienak. Horien artean, Donostiako Udalari auzi-errekurtsoa jartzea, Elio-Enea eta Larraburuko lurren desjabetzea egin zenean Donostiako Udalak jaso zuen dirua erreklamatzeko. Izan ere, gerora aitortu dute auzitegiek, Astigarragaren lurrak direla ho­riek. Donostiako Udalari zuze­nean eskatu zion diru hori Astigarragakoak, baina ez du erantzunik jaso, eta ixiltasuna ezezkotzat jotzen denez, epaitegietara jotzea erabaki du Plenoak, orain.

Aho batez onartu ziren, baita ere, ekaineko Plenoko akta, 2019 urteko kontu orokorra, Rofer-Bue­naventura harrobiari buruzko hitzarmena Excavaciones Astigarraga SL enpresarekin, eta kreditu aldaketa bat: gerakineko 275.000 euro gehituko dituzte aurrekontuan, bideratzeko Anuska, Zarkumendegi, kultur etxe berria, kiroldegia eta bestelako azpiegituretara.

Ez zen adostasunik izan, ordea, azkeneko bi puntuetan. Batetik, mozioa aurkeztu zuen EH Bildu udal taldeak, osasun sistema publiko duinaren alde: «pandemiak erakutsi digu, gure osasun sistema publikoak gabezia eta hutsune larriak dituela. Horregatik, bat egiten dugu osasun arloko gehiengo sindikalak deitutako elkarretaratze eta mobilizazioekin; eta horietan parte hartzera gonbidatzen ditugu herritarrak». Era berean, «premiaz eta atzerapenik gabe», hainbat neurri hartzea eskatu zioten Eusko Jaurlaritzari. Alde bozkatu zuen EH Bilduk, eta kon­tra EAJk: «osasun krisi batek edozein sistema ahultzen du, baina erakutsi dugu osasun sistema sendoa daukagula. Gainera, neurriak hartu dira, lanpostu gehiago sortuta», adierazi zuen Nerea Zusberro bozeramaileak.

Eta berbera izan zen bozketaren emaitza, azkeneko puntuan: Gobernu Taldeko hirugarren zinegotzi bat liberatuko dute lanaldi partzialean, kultura, euskera, jaiak, berdintasuna eta partehartzea arloetan dauden gai garrantzitsuei heltzeko. EAJk salatu zuen Gobernu Taldearen «inprobisazioa», eta adierazi: «au­rreko legealdian, lau zinegotzi geunden liberatuta, eta hala ere, %15 gutxiago bideratzen genu­en soldatetara».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!