SANTA ANA

Santa Ana eguna familiartean gozatzeko, sagardo pack bereziak eskainiko dira 26ra arte

Kronika - Erredakzioa 2020ko uzt. 19a, 00:00
Bi sagardo botila, serigrafiatutako sagardo edalontzia, Santa Anako zapia eta Santa Anako liburuxka daude packean.

Koronabirusaren eraginez ezarritako segurtasun neurriak direla eta, aurten ez da urteroko sagardo dastaketa ospatuko Astigarragako Foru Plazan. Hala ere, horrek ez du Astigarragan hain  berezia den eguna ospatzeko aukera eragotziko. Izan ere, astigartarrek, 45. sagardo dastaketaz gozatzeko aukera emango duen pack bereziak prestatu ditu Sagardoaren Lurraldeak. 

Aurten, Koronabirusaren eraginez, hainbat festa egoera berrira moldatuko dira. Izan ere, aurten ez da urteroko sagardo dastaketa egingo Astigarragako Foru Plazan, baina horrek ez du Astigarragan hain berezia den Santa Ana eguna ospatzeko aukera eragotziko. Sagardoaren Lurraldeak, «festa herritarren etxeetara gerturatu eta lagunartean zein familiartean, Astigarragako 45. sagardo dastaketaz gozatzeko aukera emango duen pack bereizi bat» prestatu baitu. Pack hauek, atzotik daude eskuragai, eta hilaren 26ra bitartean egongo dira, Astigarragako taberna, denda, sagardotegi zein jatetxeetan, hala nola,  Beti Goxo, Bukoi, Ekaitz, Ibai Lur, Ikatza, Kizki, Laket, Astigarragako Hortz Klinika, Ezpela naturdenda, Merke Azoka, Lur Jostuna, Pastain Argazkiak, Ipintza Sagardotegia, eta Troya jatetxean. Sagardoetxea Museoan ere eskuratu ahal izango dira, pack berezi hauek.
Packean, bi sagardo botila datoz, Santa Anako irudi lehiaketan irabazle suertatu den marrazkiarekin serigrafiatutako sagardo edalontziarekin batera. Santa Anako zapia eta Santa Ana liburuxka ere, bertan daude. 

Argazki lehiaketa eta bideoa
Sagardoaren Lurraldeak, festak «etxeetatik haratago zabaltzeko asmoz» familiartean zein lagunartean egindako sagardo dastaketen argazki lehiaketa bat jarri du martxan. Atzo hasi zen, eta uztailaren 26ra arte dago aukera parte hartzeko. #Santaana2020 traola erabilita, Sare Sozialetan argitaratzen diren argazkiek lehiaketa honetan hartuko dute parte. Eta jakinarazi dute, «argazki guztien artean esanguratsuena aukeratu eta parte hartzen duten sagardoen lote batekin saritua» izango dela. Horrez gain, argazki bilduma bat argitaratuko da Sare Sozialetan «herritarrek sagardo egun berezi hau nola ospatu den ikusi dezaten». 
Argazki lehiaketaz gain, hilaren 26an, Santa Ana egunaren bideo bat argitaratuko da eguerdiko 12:00etan, Astigarragako Udalaren webgunean, eta Sare Sozialetan «Euskal Herriko Sagardo egunik zaharrena denari omenaldi xume bat egiteko asmoz».  

1976tik Santa Ana ospatzen, guztira 45 urte 
Aurten, 45 urte betetzen ditu Santa Ana egunak, eta hori islatzeko modu aproposa aurkitu du Sagardoaren Lurraldeak. Izan ere, 1976tik 2020ra arte, Astigarragako Santa Ana egunak izan duen bilakaera kontatzen duen liburuxka bat argitaratu du. 
Honako pasartea kontatuz, beste hainbesteren artean: 
Azken 45 urtetan Sagardo Egunak festa egun bihurtu dira. Herrietako kultur eta kirol taldeek sagardogileekin batera, sagardoa botilatik eta herriko kaleetan dastatzen ematen dute eta asko dira beren egutegian garrantzia berezia hartu dutenak. 1976an Euskal Herriko lehenengo Sagardo Eguna ospatu zen Astigarragan eta hemendik aurrera, Sagardo Egun asko ospatu dira Euskal Herria osoko herrietan, Astigarraga izan delarik denen aitzindaria.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!