Ingurumena

Haritzalde Naturzaleen Elkartearen laguntzarekin, landare inbaditzaileak auzolanean kenduko dira gaur

Kronika - Erredakzioa 2020ko uzt. 15a, 00:00
Andre Gobadarien parkeko landare txarrak kenduko dituzte gaurkoan.

Andre Gobadarien parkeko landare txarrak kenduko dituzte auzolanean, gaur arratsaldean. Plaza mugatuak izango dira, parte hartzeko.  

Landare inbaditzaileak azaldu ziren Astigarragako Andre Gobadarien parkean, ibaiaren ondoan. Horregatik, Haritzalde Naturzaleen Elkartearen laguntzarekin ekimena antolatu du Udalak, landare horiek kentzeko.  Auzolanean kenduko dituzte herritarrek. 

Parte hartzea

Plazak mugatuak direla adierazi dute antolatzaileek. Horregatik, «parte hartu nahi duenak aurrez izena eman behar du», adierazi dute. Izena emateko, naturzale@haritzalde.org helbidera idatzi edo 609420438 telefono zenbakira deitu behar da.Herritarrek gaur dute hitzordua, landare inbaditzaileak kentzeko. Arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara bitartean egingo dute auzolana.

Udalak ohar moduan jakinarazi du beharrezkoa izango dela norberak bere maskarilla eramatea. Gainera, segurtasun neurriak mantendu ahal izateko eskularruak banatuko zaizkie gerturatzen diren guztiei. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!