Astigarragako aurrekontu partehartzaileen azken txanpan, 210.000 euro herritarren esku

Kronika - Erredakzioa 2020ko uzt. 14a, 00:00
Gaur banatuko da informazioa, Astigarragako auzoetako buzoietan.

Martxoan jarri zen martxan aurrekontu partehartzaileen prozesua, eta jadanik azken txanpara heldu da. Atzo ireki zen galdetegia, eta uztailaren 21era arte egongo da aukera parte hartzeko. Herritar bakoitzak lau aukera ditu gehienez, eta bi modutara egin daiteke; modu telematikoan edo modu presentzialean.

Astigarragako Udala aurrera doa 2020ko aurrekontu partehartzaileen prozesuarekin, izan ere «azken txanpara» heldu dira jadanik. Atzo jarri zen martxan galdetegia, eta uztailaren 21era arte egongo da aukera bertan parte hartzeko.
Guztira, orain arte, 215 proposamen jaso dira, eta «denak aztertu» dituztela jakinarazi du Astigarragako Udalak. Hala ere, 21 proposamen hautatu dira galdeketarako.
Egindako balorazioan, proposamenak sailkatu egin ditu Udalak, era honetara, «alde batetik, sailkatu ditugu martxan daudenak, eta beste aldetik, urtean zehar beste aurrekontu atal batzuetatik burutu daitezkeenak, gero baztertutako proposmenak, eta amaitzeko, galdeketarako hautatuko proposamenak». Gainera, proposamenen sailkapena, balorazio eta galdeketarako hautatutako porposamenak ikusgai daude Astigarragako Udalaren webgunean.

21 proposamen
Guztira 21 proposamen hautatu dira galdeketarako eta honako hauek dira: Skate Park bat Portutxon. Bidebitarteren zati bat asfaltatu, Andre Gobadarien ibai-parkearen gunea osatu. Euskararen erabilera sustatzeko programa, Genero berdintasuna sustatzeko. Banda zabala sarea landa-eremura eraman. Anuska auzoaren hiritartze partziala. Juangitenea plazaren ur-arazoei buruzko azterketa gauzatu. Irisgarritasuna hobetzeko lanak. Herri baratza parke publiko berri bat. Portutxon komun publiko berri bat instalatu.  Hondakin organikoentzako poltsa konpostagarrien doako banaketa. Haur parkeen hobekuntza. Frontoian berritzeak. Santiagomendiko aterpea eta inguruak berritu. Baserriak mantentzeko edota berritzeko laguntzak. Foru plaza egiten diren jaietarako egokitu. Alokairurako diru-laguntzak. Mural parkea herrian zehar. Arrobitxulon gune estali bat egokitu eta Murgia parkean hobekuntzak.

Parte hartzeko pausuak
Bozketan parte hartu ahal izango dute «2020ko urtarrilaren 1ean Astigarragan erroldatuta dauen eta 16 urte edo gehiago dituztenek». Gainera, galdeketan onartutako proposamenen zerrendatik, lau hautatu ahal izango dira gehienez. Emaitzaren arabera aurrekontu partehartzaileetarako ezarritako 210.000 euroak agortu arte esleituko dira kredituak, boto gehien jaso dituen proposamenetik hasita.
Galdeketa, irekita egongo da hilaren 21era arte. Galdeketa hau telematikoa izango da, eta horretarako www.astigarraga.eus webgunera sartu behar da. Boto telematikoaz gain, modu presentzialean ere egin daiteke, «telematikoan parte hartzeko zailtasunak dituztenentzat» eta horretarako, mahaiak jarriko dira hainbat egunetan eta herriko leku ezberdinetan: uztailaren 16an, Joseba Barandiaran plazan, 19:30etatik 21:00etara. Uztailak 17an, Kontxa Etxeberria plazan, 19:30etatik 21:00etara. Uztailaren 20ean, Norberto Amandoz plazan, 12:00etatik 13:30etara, eta uztailaren 21ean, Ergobia plazatxoan, 12:00etatik 13:00etara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!