Erribera kulturguneak badu logoa, Noelia Lozanok egina

Kronika - Erredakzioa 2020ko uzt. 13a, 00:00
Noelia Lozano, Erribera kulturgunearen logoarekin.

13 proposamen jaso ditu Udalak, eta Astigarragan bizi den donostiarrarena aukeratu du.

Pausoak ematen jarraitzen du, irailean zabaltzekoa den Erribera kulturgune berriak. Eta orain­goan, logoa aukeratu du Astigarragako Udalak, azken asteotako prozesuaren ondoren: Noelia Lozanok egindakoa hautatu du, jasotako 13 proposamenen artean.

Sortzez donostiarra da Lozano, baina Astigarragan bizi da. Disei­natzaile grafikoa da, eta espe­rientzia haundia dauka komunikazio grafikoaren eta irudi korporatiboaren arloan, Udalak jakinarazi duenez.

«Ur urdin baten pintzeladak balira bezala irudikatu dut eraikin berezi hau»

Aurkeztutako logoan, kulturgunearen eraikinari eman nahi izan dio protagonismoa Lozanok, eta Erri­beraren eta ibaiaren kolore urdi­­na­rekin margotu du: «logoa sortzerakoan, batetik, beharrezko protagonismoa eman nahi nion kultur etxe berria kokatuko den eraikinari, berezia baita; eta bestetik, ibaia eta Erribera izenaren kontzeptua ere irudikatu nahi nituen. Bi alderdi horiek batuz, ur urdin baten pintzeladak balira bezala irudikatu dut eraikin berezi hau», azaldu du egileak.

Proposamena aurkezterako­an, Piztu ezizena erabili zuen berak: «laster astigartar guztiok espazio berri hori gozatu eta bizitzaz betetzeko ideiatik dator, gutako bakoitzaren barruan kul­turak sortzen duen argi hori piztuz», nabarmendu du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!