Joseba Barandiaran gogoan, 42 urteren ondoren ere

Kronika - Erredakzioa 2020ko uzt. 12a, 00:00

Lore eskaintza egin zioten omenaldiaren bukaeran, Joseba Barandiarani.

Omenaldia egin zioten ostiralean, Zipotza elkartearen aurrean. Egia, justizia eta erreparazioa eskatu zuten, beste behin.

42 urte bete ziren atzo, Joseba Barandiaran astigartarra tiroz hil zutela Donostiako manifestazio batean, Iruñeko San Ferminetan izandako istiluengatik eta German Rodriguezen heriotzagatik, poliziaren tiro batez hila bera ere, uztailaren 8an.

Eta 42 urteren ondoren, astigartarrek erakutsi zuten ez dutela ahaztuko Joseba Barandiaran, eta ezta gertatutakoa ere. Omenaldia egin zioten ostirale­an, Zipotza elkartearen aurrean. Barandiaranen irudi bat jarri zuten, Ernesto Che Guevara iraultzaile argentinarraren bes­te irudi baten ondoan; eta Iru­ñeko peñen zapi gorriak haien inguruan. Lore eskaintza egin zioten bertaratutako guztiek, ome­naldiaren bukaeran.

Aurreskua dantzatu zieten, Joseba Barandiaranen garaikideei.

Baina aurretik, Barandiaranen garaikideak ekarri zituzten aurreneko lerrora, eta Xabier Urdan­ga­rin alkateak hartu zuen hitza: «zaila egiten zaigu guri, zuek bizitako garaiak ulertzea; 18 urteko gazte bat tiroz hil, eta 42 urteren ondoren jarraitzea egia argitu gabe, justizia egin gabe, eta erreparaziorik gabe». Eta ekitaldia bukatzeko, Agin Laburuk eskaini zituen bi bertso; horietako bat, hauxe:


Eta Joseba degu

herri hontako izen

nahiz ta berari buruz

maiz ez geran aritzen

urteen poderiyuan

ari naiz nabaritzen

nola ahalengintzen diran

ahots batzuk ixiltzen

baina segitzen degu

atari hontan biltzen

memorian bizi dana

sekula ez da hiltzen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!