Erribera kultur etxea izango da protagonista, aurtengo Astigarraga Aldizkarian

Kronika - Erredakzioa 2020ko uzt. 7a, 00:00

Datorren ostiraletik aurrera egongo da eskuragarri, ohiko tokietan, Aldizkariaren 39garren edizioa. Kultur etxe berriarekin batera, beste hainbat gai ere landu dituzte; tartean, markesaren, bikarioaren eta alkatearen arteko liskar bitxi bat, elizako aulki baten inguruan.

Hitzordu finkoa dauka uztailaren hasierarekin, urtero-urtero, Astigarraga Aldizkariak. Eta hu­tsik egin gabe, datorren ostira­le­tik aurrera egongo da eskura­ga­rri 39garren edizioa, ohiko to­­ki­etan: Goxua, Valella eta Uru­mea Berriko Ogi Berri okindegi­etan, eta Ainhoa elikagai dendan. Aldizkaria jasotzean, ohi bezala, 3 euroko aportazio sinbolikoa egitera animatu nahi dituzte herritarrak, edo bakoitzak modu boluntarioan eman nahi duena, «herri ekimen honek aurrera egin dezan».

Aldizkaria eskuratzen duenak, herriko makina bat gai interesgarri topatuko ditu bere orrialdeetan. Horietan protagonista nagusia, aurtengoan, Erribera kultur etxe berria izango da. «Aldizkariaren artikulu nagusian, erreferentzia egin diegu aurreneko kultur etxea inauguratu zenetik gaur arte igaro diren 30 urte hauei. Eta era berean, azaleratu ditugu kultur etxe berriaren identitate markak, eta espazio eta baliabide ezberdinen distribuzioa eta ezau­garriak», nabarmendu dute.

Erreportaje interesgarri zein deigarriak, historia, natura zein gizarte gaietan

Kultur etxe berriaz gainera, beste hainbat gai interesgarri zein deigarri ere landu dituzte aurtengo aldizkarian. Historiarekin lotutakoak dira horietako hiru. Batetik, bildu dute markesak, bikarioak eta herriko alkateak izan zuten liskar bitxi bat, elizako aulki baten inguruan. Bestetik, Kako familiari buruzko erreportaje bat landu dute. Eta hirugarrena, Agirretolare baserriari buruzkoa da.

Naturarekin lotutako erreportajeek ere badute toki nabarmena, aurtengo aldizkarian. Bes­te hiru artikulu landu dituzte, naturaren inguruan. Horietako bat Aranzadi Zientzia Elkarteak landu du, eta bildu ditu herriko iturri eta askei buruzko erreportajea. Joxe Mari Apaolaza albaitariak landutakoa da biga­rrena: bertako arrazei buruzko artikulu didaktikoa osatu du berak. Eta naturarekin lotutako hirugarrena, Baserri Mahaiko kideek landu dute, beraien ibilbidea eta proiektu garrantzitsuenak aditzera emanez, baserriak eta baserritarrak susta­tze­ko lanean.

Eta hainbat dira, gizarte ga­iekin lotutako erreportaje sakonak ere, aldizkariaren 39garren edizio honetan. Horrela, hasteko, ezin zuen hutsik egin Koronabirusak herriko gizarte bizitzan izandako eragina. Erreportaje bat eskaini diote, baita ere, herriko bi tabernetan izan den belaunaldi aldaketari ere: Beizama eta Ikatza tabernetan, hain zuzen ere. Eta azkenik, errekonozimendua egin nahi izan diete, herriko hiru bizilaguni: Joana Otxoa de Alaiza piano-joleari, Eduardo Aguado farmazeutikoari, eta Mari Jose Gaztelumendi txistulariari.

Sagardoaren ekintzailetza, azkeneko 45 urteotan

Norbanakoak bakarrik ez, taldeak ere ekarri dituzte aurtengo aldizkarira, eta hainbat herri ekimenen ekarpenak eta kezkak bildu dituzte: Euskaraldia, Herri Eskola, DBH Orain plataforma, Aztifemiak talde feminista edota Astigar dantza taldea.

Eta kulturaren arloan, beste bi erreportaje sakon: batetik, sagardoaren kulturaren mesedetan azkeneko 45 urteotan izan den ekintzailetzaren ibilbidea, Antton Arkak bildutakoa; eta bestetik, Urtzi Leonet idazlearen es­kutik, Borroka itsasoan bere azken lanaren aurrerapen bat.

Jose Mari Telleria segurarrak 1982an egindako marrazki bat ere ageri da aurtengo Astigarraga Aldizkarian, 'Guztiok bat sagardoarekin' artikuluan.


39 urtez, «herriko bizipenak eta ekimenak biltzen»

39garren edizioa du Astigarraga Aldizkariak, eta aurrekoetan be­zala, herriaren berri jaso eta zabaldu nahi die, bertako bizi­la­gunei. «Aurtengo edizioa da la­­gin bat, herria pilatzen ari den historiarena; eta laguntzen du astigartarrok balioa ematen, his­toria horri. Gure historiarekin eta kulturarekin berriro elkartzeko aukera ematen digu», nabarmendu dute. Helburu horrekin aritu dira, 39 urtez, «herriko bizipenak eta ekimenak» biltzeko lanean, «gu­re proiektu xume bezain poz­garri honetan».

Aldizkariaren lantaldeak eskertu nahi izan du, era berean, pertsona, erakunde eta elkarte guztien ekarpena: «denak dira gure kolaboratzaile, eta modu eskuzabalean egiten dute esfortzu bat, bere ekarpena egiteko dokumentu historiko eta kultural honi, herrian hain estimatua dena», adierazi dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!