UDALA

Zorroztu egin dira Astigarragako igerilekuaren funtzionamendu neurriak, «arauak ez direlako bete»

Kronika - Erredakzioa 2020ko uzt. 6a, 00:00
Erreserba familiarra eginez, familia liburua edo bizikidetza ziurtagiria aurkeztu beharko da. Argazkia: Astigarragako Udala.

Pasa den asteazkenean ireki zituen berriro ere ateak, Astigarragako igerilekuak, funtzionamendu neurriekin. Hala ere, neurri eta baldintza hauek zorroztu egin dituzte, «hainbat arau ez direlako bete». 

Uztailaren 1ean ireki zuten berriro Astigarragako igerilekua, segurtasun eta funtzionamendu neurriekin. Hala ere, Udalak jakinarazi du hainbat arau ez direla bete, izan ere, lurzati familiarrak, «bizikidetza unitatekoak diren pertsonek erabili dezakete, eta zenbaitek ez dute hau bete». Hori kontutan hartuz, neurriak gogortu egin dira, eta familia lurzati bat erreserbatzen dutenek, «familia liburua edo bizikidetza ziurtagiria aurkeztu beharko dute». 
Gainontzean, funtzionamen­durako hainbat neurri ezarri dituz­te. Lehenik azaldu dute, igerilekura joan aurretik lurzati bat erreserbatzeko hitzordua eskatu behar dela Astigarraga.eus webgunean, eta lurzatiaren erreserbak, «3 orduko iraupena izango dute». Bi motatako erreserbak daude; alde batetik, erreserba indibidualak, hau da, pertsona bakar batek hartu dezake lurzatia; eta beste aldetik, erreserba familiarra, «bazkidetza unitateentzat soilik, 2 eta 5 pertsona artean. Familia liburua edo bizikidetza ziurtagiria erakutsi beharko dute». Gainera bizikidetza ziurtagiria eskatzeko izapidea, aurrez aurre egiten da udaletxeko erregistroan. 
Igerilekuaren edukiera mugatuko da, «igarileku txikian soilik 4 urte bitarteko haurrek egon ahal izango dute», eta 5 eta 8 urte bitartekoak berriz, haundian, «heldu batekin». Igerileku txikian, 12 pertsona sartuko dira gehienez, eta haundian berriz 93. 
Jakinarazi dute, igerilekuaren edukiera gainditzera badoa, «erabiltzaile bakoitzaren bonua, 15 minutukoa izango dela aldi bakoitzean».   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!