Kultur etxea

Herriko artista txikienek egindako artelanekin inauguratuko dute Erribera Kultur Etxea, udazkenean

Kronika - Erredakzioa 2020ko eka. 28a, 00:00

Bihar eta ostegunean izango da haurrek konfinamenduan egin dituzten lanen bigarren bilketa, uda osteko inaugurazioan erakusteko.

Herri Eskolarekin lankidetzan, Astigarragako Udalak proposamen bat luzatu zien herriko haur guztiei: itxialdian egindako artelanak aurkeztea, Erribera Kultur Etxea inauguratzen denean erakusketa batan jartzeko.

Horrela, bihar eta ostegunean izango da herriko artista txikiek egindako artelanak biltzeko bigarren txanda.

Ia bi hilabete oso pasa dituzte haurrek kalera atera gabe eta gainontzeko umeekin jolasteko aukerik ez dute izan. Etxean ordu asko eman dituzte eta asko dira egun horietan sormena eta imajinazioa artelanen bidez garatu dutenak.

Horregatik, Herri Eskolakoei eta Udalari bururatu zitzaien ideia ona izango zela txikienek konfinamenduan eta orain arte egin dituzten marrazkiak eta eskulanak Erribera Kultur Etxea inauguratzen denean erakustea. Hori horrela, asmoa da Astigarragako umeek egindako artelan guztiekin erakusketa bat egitea.

Artelanak orain jasoko diren arren, erakusketa ez da udazken arte izango. Izan ere, egungo kultur etxetik berrirako trasladoa uztailean egingo dutela jakinarazi zuen Udalak, baina inaugurazioa udazkenean izango da, ziurrenik iraila edo urri aldera. Edozein kasutan, ateak irailean irekitzeko asmoa dutela esan dute. 

Bi egunez egingo dira bilketak, bigarren txanda honetan
«Zure artelanak ekarri eta izan erakusketako artista!», luzatu dute antolatzaileek. Lehen jasoketa bat egin zen, eta bihar eta ostegunean bigarrena egingo da. 16:00etatik 18:00etara bitartean izango dira txikienek egindako piezak jasotzen.

Hala ere, jakinarazi dute bigarren txanda honetan artelanak entregatzeko lekua ezberdina izango dela: bihar J.B. plazan izango da eta ostegunean, 16:00etatik 18:000etara bitartean, Erribera Kultur Etxean (Kontxa Etxeberria plaza).  Sarrera nagusian jasoko dituzte artelan guztiak.

«Etxeko txikienak izan daitezela Erribera Kultur Etxeko lehen artistak!», luzatu diete antolatzaileek txikienei, artelanak entregatzera motibatzeko. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!