Berdintasuna

Emakumeon plazako murala osatzeko ekimenak, «partaidetza ikaragarria»

Kronika - Erredakzioa 2020ko eka. 24a, 00:00
Partaidetza altua izan da, Astigarragako Emakumeon plazako murala apaintzeko argazki saioetan.

Guztira 140 partaide izan dira, eta Udalak «eskerrik beroenak eman nahi dizkie parte hartu duten emakume guztiei».

Martxoan abiatu ziren Emakumeon Plazako murala osatzeko argazki saioak. Ekimenaren helburu nagusia zen «Astigarragako emakumeen indarra, aniztasuna eta ahala ikusarazi eta sinbolizatzea».

Deialdia egin eta egun gutxitan 257 izen-emate jaso ziren, eta berehala hasi ziren argazkiak egiten, Nagore Legarreta argazkilariarekin. «Partaidetza ikaragarria izan da», azaldu du Udalak.  Hala ere, osasun larrialdi egoerak eten eta ekainera arte ezin izan zaio berriro heldu, murala apaintzeko prozesuari. Zenbait partaidek diote, «pena haundiz» egon direla argazki saioetara joateko aukera izan ez dutelako.

Bestalde, argazki saioak amaitu badira ere, Emakumeon plazako eraikitze-lanek aurrera jarraitzen dute. Esan dute Udalaren asmoa dela «aurrerago elkartu, ateratako argakiak ikusi, partekatu eta partaide bakoitzak bere oroigarria izatea».


«Emakumeon plaza herriko emakume guztiek osatzen dute»

Hori da Astigarragako Udalak adierazi duena: «argazkietako irudietan azaldu edo ez», Astigarragako Emakumeon plaza herriko emakume guztiek osatzen dutela. Izan ere, hori da ekimenarekin ikusarazi nahi dutena: genero honen indarra eta presentzia. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!