Txomiñene pelotalekua zabalik, modu librean erabiltzeko

Kronika - Erredakzioa 2020ko eka. 18a, 00:00

Frontoia erreserbatzeko aukera dago, Udalaren webguneko aplikazioaren bidez. Frontoiko aldagelak itxita egongo dira oraindik.

Asteartetik, segurtasun neurriak betez, Txomiñene pelotalekua modu librean erabili daiteke, eta frontoia erreserbatzeko aukera dago, Astigarragako Udalaren webguneko aplikazioaren bidez. Pelotalekuaren erabilera baimentzen den arren, aldagelak itxita egongo direla nabarmendu du Udalak. Bestetik, Hernaniko igerileku estalia ere erabilgarri dago Astigarragako kiroldegiko bazkideentzat.

Segurtasunerako, neurriak

Hauek dira pilotalekua erabiltzeko bete beharreko segurtasun neurriak: beste erabiltzaileekiko bi metroko segurtasun tartea mantendu, eta ezin bada, maskarilla jarri; ez partekatu jokorako erabiltzen den materiala, ezta ur-botila ere; doministiku egitean, estali ahoa eta sudurra ukondoarekin edo erabili eta botatzeko zapi batekin; ez ukitu aurpegia, sudurra eta begiak; gainazal komunak ukitzea saihestu; COVID-19rekin zerikusia izan dezakeen sintomarik izanez gero, gelditu etxean eta jarri harremanetan osasun zerbitzuekin; eta bete erakunde ofizialek emandako gainontzeko osasun-neurriak.

Erreserba ordutegian erabili

Erreserba bat dutenek, beren txandari dagokion ordutegiaren barruan erabili ahal izango dute instalazioa, eta horretarako lehentasuna izango dute. Erreserbak egin behar dira, Udalak horretarako jarri duen aplikazioaren bidez.

Hernaniko igerilekua, aukeran

Bestalde, Astigarragako kiroldegiko bazkide direnetzat, Hernaniko igerileku estalia erabilgarri dago berriz ere. Ordutegia honakoa da: astelehenetik ostiralera, igerileku handia 06:45-20:00, eta igerileku txikia 06:45-21:15; larunbatetan, 09:00-19:45; eta igande eta jaiegunetan 08:30 13:00.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!