Astelehenean aurkeztu zuen Gartziategi sagardotegiak, Koronabirusaren krisiaren aurretik sortutako sagardo sorta berria, sagardotegian bertan. Berrikuntzarik bitxiena Anne da, ardo beltzaren zaporea gogora ekartzen duen sagardoa.
Ekitaldian beste sagardo mota berri bat ere aurkeztu zuten, 700 izenekoa; eta biak dastatu ahal izan zituzten, aurkezpenean parte hartu zutenek. Horien artean egon ziren, besteak beste, Gartziategiko kideak, Euskal Sagardoako kideak, bezeroak, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburua eta Xabier Urdangarin Astigarragako alkatea.
Aurkeztutako hiru sagardoak daude Euskal Sagardoa deituraren barruan, eta lehenengo aldiz, Euskal Herriko sagarrarekin ekoiztu du Gartziategik, sagardoaren %100a.
Bertako produktuaren apustua egin du sagardotegiak, Xabier Lizeagak aipatu zuen bezala: «orain hiru urte Euskal Sagardoa sortu zenean igerilekura salto egin genuen eta bertako sagarrarekin produkzio guztia egiteko erabakia hartu genuen. 2019ko uztan gai izan gara hori lortzeko Euskal Sagardoa deituraren barruan».
Horretara bakarrik ez dira mugatu Gartziategin, eta Nere eta Ander seme-alaben lanari esker, beste pauso bat eman du sagardotegiak. Gama desberdinetako beste hiru sagardo mota sortu dituzte, eta lan horretan, Juan Zuriarrain enologoaren laguntza ere azpimarratu zuten.
Hiru produktu horiek aurkeztu zituzten sagardotegian, eta nabarmendu zituzten aipaturiko Anne, eta 700 metrotara bildutako sagarrarekin eginiko 700 sagardoa. Aurkezpenaren ondoren, Mikel Garaizabal sumilierrak gidatuta, horien dastaketa egin zuten, sagardotegian bildutako guztiekin.
Gartziategik erakutsi digu, etorkizuna nolakoa izan behar den
Bere aldetik, Unai Agirrek, Euskal Sagardoaren koordinatzaileak, azpimarratu zuen Gartziategi aitzindaria izan dela. «Zorionak eman nahi dizkiot Gartziategiri. Azkenaldian bilatzen ari ginen eskailera maila hau jarri digute. Poz haundia eman digu lau urte eta gero aurkeztu duena; sagardo guztia bertako sagarrarekin egiteko apustua, lan haundi baten ondorioa delako. Ausarta izan da Gartizategi, eta hori da etorkizuna; gainera, gama desberdinak aurkeztuta». Agirrek aipatu zuen, baita ere, protokoloak betetzea ez zela erraza izan. Hiru txandatan egin zen dastaketa.
Aurkeztutako hiru produktuak dastatu ahal izango dira, aurrerantzean ere. Ostegun gauetik igande eguerdira dago zabalik, Gartziategi sagardotegia.