Udala

Ikusgai, gaur arte hondakin plastikoz egindako figurak

Kronika - Erredakzioa 2020ko eka. 17a, 00:00
Herrian zehar jarri dituzte plastikozko figurak gaur arte.

Herriko lau puntutan daude kokatuta eta Arantzazuko  Ama-ko 3.DBHko lau ikasleren Ekofish proiektuaren barrruan kokatzen dira.

Arantzazuko Ama-ko 3. DBHko ikasleak Ekofish proiektua lantzen ari dira eta hori dela eta, lau ikaslek (Aimar Olasagasti, Ander Enciso, Beñat Garcia eta Beñat Otaegi) herriko lau puntutan (Kale Nagusia, Arrobitxulo parkea, Joseba Barandiaran plaza eta Foru enparantza) hondakin plastikoz egindako figurak ipini zituzten asteartean, eta gaur arte egongo dira ikusgai.

Ekofish kanpainaren helburua herritarrak itsas zaborren arazoaz jabetzea da, Mater itsasontzi-museotik itsasertzetik gertu dagoen arrantza esperimental baten bidez burutzen dena. Hortik abiatuta, Martuteneko Arantzazuko Aman 3. DBHko ikasleekin izen bereko proiektu bat burutzen ari dira.

Proiektua lantzeko taldeetan banatu dira, eta taldeetako batek hondakin plastikoekin figurak sortu ditu, herrian ikusgai jartzeko.

Figurak egiteko erabili duten plastikoa bildutakoa da 

Figurak egiteko erabili duten plastikoa bildu egin zuten konfinamenduaren aurrertik. Donostiako kala batera joan ziren harrien tartean zeuden hondakinak jasotzera. Ondoren, herrian ere, lurrean aurkitutako zenbait hondakin bildu zituzten. Erabili duten material guztia proiektua garatu dutenek eta ikaskideek jasotakoa da.

Plastikozko tapoiak ugarienak

Orokorrean plastikoa bera izan da gehien aurkitu duten hondakina. Eta gehienbat, plastikozko tapoiak.Horiekin figurak sortu dituzte eta guztiek dute lotura itsasoarekin eta itsas bizitzarekin. «Itsasoan dagoen plastiko kantitatearengatik erasotuak izaten ari diren animaliak dira, orokorrean» azpimarratu dute Aimar Olasagasti, Ander Enciso, Beñat Garcia eta Beñat Otaegik. 

Milioika arrain eta espezie hiltzen dira harrapatuta

Figura hauekin lortu nahi dena da jendea itsasoko plastikoaren arazoaz jabetzea. Lau ikasleen esanetan «plastikoa jateagatik edo bertan harrapatuta geratzeagatik urtero milioika arrain eta beste hainbat espezie hiltzen dira, eta itsasoetako fauna txikitzen bada, gure planetaren %75a txikitzen da».

Proeiktua landu ondoren, ondorengo mezua bidali nahi die herritarrei lau ikasleek: «Ingurugiroa zaindu behar dugu. Horretarako, ahalik eta hondakin gutxien sortu eta sortzen ditugunak bereiztea ezinbestekoa da». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!