«Hitzak estali, eta protagonismoa eman diguzu; begiak itxita ere, gure ahotsak entzungo dituzu»

Kronika - Erredakzioa 2020ko eka. 14a, 00:00
Pintadak jaso zituen kartelera, elkarrekin egin zuten bidea oinez, herritar askok, aldarrikapen kartelak hartuta.

'Astigarraga eraso matxisten aurka' dioten seinaleetako batean pintada egin, eta hitzak estali dituzte azken egunetan. Hori gaitzesteko, agerraldia egin zuten ostiralean, eta adierazpena zabaldu dute Udalak eta Aztifemiak taldeak.

Maiatza bukaeran jarri zituen Astigarragako Udalak, herriko sarreretan, more koloreko zenbait seinale: Astigarraga eraso matxisten aurka diote horiek. Hilabete baino gutxiago daramakite bertan, eta dagoeneko azaldu dira aurreneko pintadak, azken egunetan: seinaleetako bat beltzez pintatu, eta hitzak estali dizkiote; Oiartzundik etorrita herrira sartzean Errota ondoan dagoen seinaleari, hain justu. «Aurreko asteko ostegunean, seinalea margotu zuten, eta garbitu egin genuen; baina astelehenean berriro ere estali zuten mezua erabat», azaldu du Astigarragako Udalak.

Eraso horren aurka gogor egin dute, Udalak berak eta hainbat elkarte, talde eta eragilek, herritarrekin batera. Hasteko, Udaleko bozeramaileen batzordeak adierazpena onartu zuen ostegunean, aho batez. Eta adierazpen horrekin egin zuten bat Harituz elkarteak, Aztifemiak taldeak, Gazte Asanbladak, Xaguxar aisialdi taldeak, AEK euskaltegiak, Zipotza elkarteak, Honek GKEak, Goldea Herri Kirol Batzordeak, Astigarraga aldizkariak, eta Astigar Dantza Taldeak. Eta bertan egin zuten deialdia, baita ere, erasoa salatzeko kalera ateratzeko.

Errota ondoko seinalea pintatu zuten, Oiartzundik etorrita dagoen sarrerakoa.

Horrela, Joseba Barandiaran plazan elkartu ziren herritar asko, ostiral arratsaldean, pintadak salatzeko. Ekitaldia egin zuten plazan bertan, eta adierazpenak irakurri zituzten. Eta ondoren, elkarrekin joan ziren oinez, margotutako seinalera. Beltzez jantzita azaldu ziren gehienak, protesta modura; eta aldarrikapen kartelak eskuan zituztela, indarkeria matxistaren kontrako mezuekin.

«Jendarte osoaren arazo, ardura eta lotsa da indarkeria matxista»

Horrelako ekintzak «erabat gaitzetsi», eta indarkeria matxistaren aurkako lanean «tinko» jarraitzeko konpromisoa berretsi nahi izan du Udalak: «indarkeria matxista gertatzen da eredu soziokultural heteropatriarkalaren ondorioz, kontrola eta botere harremanak helburu dituena. Indarkeria matxistak, emakumeen aurkako indarkeria sexistaz gain, transfobia, lesbofobia eta homofobia ere hartzen ditu bere gain. Guk, ordea, Astigarragako gehiengoak bezala, berdintasunean eta aske bizi diren herritarren herria nahi dugu; indarkeria matxistarik gabeko bizitza proiektu askeak gauzatzen diren herria, alegia. Indarkeria matxistak emaku­me­ak kolpatzen ditu maila desproportzionatu batean. 2019 urtean bakarrik, indarkeriaren biktima izan diren 4.419 emakumeren kasuak kontatu dira EAEn, eta urtez urte gora egiten du hildakoen kopuruak. Jendarte osoaren arazo, ardura eta lotsa da indarkeria matxista; beraz, ez da inola ere onargarria, eta are gutxiago, horren aldeko aldarri edo adierazpenik egitea».

Udalak gaineratu du, berdintasunaren alde eta indarkeria matxistaren aurka egiten den lana, jendarte osoarentzat dela onuragarria; «jendarte parekide batean denok aukera eta tratu bera izanda, eraikiko ditugulako bizitzea merezi duten bizitzak», adierazi du.

«Tinta beltzaren atzean ezkutatutako hitz bakoitza ozen aldarrikatuko dugu»

Aztifemiak talde feministak ere zabaldu du bere adierazpena, pintada gaitzetsiz, hori egin du­enari zuzenduta: «hitzak estali eta protagonismoa eman diguzu. Begiak itxita ere, gure ahotsak entzungo dituzu. Estalitako letra bakoitza oholtza gainera igotzeko eskailera bihurtu duzu feminismoarentzat; estalitako hitz bakoitzak lortu nahi duzunaren aurkako efektua izango baitu beti. Ezin gaituzu estali, ezin gaituzu bistatik kendu. Asko baikara, eta elkartuta egiten dugu lan. Eta herria dugu gurekin. Estalitako kartel bakoitza garbitu egingo baitugu, denon elkartasunarekin. Tinta beltzaren atzean ezkutatuko hitz bakoitza ozen aldarrikatuko dugu gaur, bihar eta etzi. Esaten duguna benetan sinesten dugunak garelako. Ez gara nekatzen, ez aspertzen; bizitza delako babestu, maitatu eta defendatzen duguna».

Horregatik, nabarmendu du­te estalitako hitz horiek «inoiz baino sona gehiago» izango dutela orain herrian, «Astigarraga eraso matxisten aurka dagoelako! Herritarrok ez ditugu eraso matxistak onartuko. Herritarrok hitz estaliak lau haizetara zabaltzeko ardura hartuko dugu. Gure bizitza dagoelako jokoan», adierazi dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!