Santio Jaiak

Jai Batzordeak aurtengo Santio Jaiak bertan behera uztea erabaki du, osasun gomendioak jarraituta

Kronika - Erredakzioa 2020ko eka. 6a, 00:00
Segurtasuna bermatzea ezinezkoa denez, Santio Jaiak aurten ez dira betiko formatuan ospatuko.

Uztaileko azken asteburuan ziren ospatzekoak Santio Jaiak, baina alarma egoera dela eta bertan behera geratu dira, «publikoaren segurtasuna bermatzea ezinezkoa denez». 

Urumea bailarako gainontzeko   auzo eta herrien modura, Astigarran festak ez dira egingo, aurten. Oraingoz, behintzat,  alarma egoera dela eta, ezinezkoa da ezagutzen ditugun moduan jaiak antolatzea. Hala ere, Udalak adierazi du «kultur ekitaldiren bat antolatzea» aztertzen ari direla.

Aho batez erabaki da, jaiak bertan behera uztea

Asteazkenean bildu ziren herriko elkarteak eta Udaleko ordezkariak jaien inguruan behin betiko erabaki bat hartzeko, eta «aho batez erabaki zen 2020ko Santio Jaiak bertan behera uztea». Batzordean ondorioztatu zenaren inguruan, Udalak adierazi du «zenbait ekintzetan partehartzaileen segurtasuna inongo arazorik gabe bermatu zitekeela, baina ez ikustera doan publikoarena». Hain zuzen ere, arrazoi horrengatik geratu dira festak bertan behera.  


Kultur jardueraren bat egiteko aukera egongo da, beharbada

Batzordekideek adostu dute ekintza edo ekitaldiren bat egiteko aukera irekia dagoela. «betiere aforoa kontrolatuz eta une horretan indarrean dauden segurtasun neurriak errespetatuz». Hala ere, guztia zehaztu gabe dago oraindik eta hilaren 25ean elkartuko dira berriro Jai Batzordeko kideak eta udal ordezkariak, 18:30etan, kultur etxeko aretoan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!