Kiroldegia

Fitness eta ziklo gelak zabalduko dira etzi

Kronika - Erredakzioa 2020ko eka. 6a, 00:00

Udaran ikastaroak ere eskainiko dira.

Hitzorduarekin ordutegi berria izango du, astelehenetik ostiralera 07:00etatik 22:30era, larunbat eta igandeetan 09:00etatik 20:30etara.

Astigarragako kiroldegiak astelehenean irekiko ditu berriz ateak ia hiru hilabete itxita egon eta gero. Aste osoan lanean aritu dira dena bere lekuan edukitzeko eta segurtasun neurri guztiak betetzeko. 
Astigarragako kiroldegian ere gimnasioa izango da lehenengoa zabaltzen ateak. Horretarako hitzordua eskatu behar da eta astigartarrek mugikorretarako edo ordenagailurako aplikazio bat erabili beharko dute horretarako eta hitzordurik gabe ezingo da kiroldegira joan.

Aplikazio baten bitartez eskatu behar da hitzordua
Telefonozko arreta mantenduko da, baina aplikazioa denek erabiltzea nahi da. Emango den informazioa, lehendabiziko egunetan arretako langileak eman dezake kudeaketaren inguan, baina nahi dena da norberak aplikazio hori erabiltzea. Hala ere, adinekoen kasuan edukiko da beste kontsiderazio bat. Aplikazioa dagoeneko astigartarren eskura dago Udaleko webgunean. Erabilerraza da eta denentzako ulergarria. 
Gimnasioa bi eremutan banatu dute. Bi metroko distantzia eta segurtasun neurriak hartu behar direnez makina batetik bestera, spinning-eko gela ere egokitu da. 
Bi gela kudeatuko dira beraz. Batean lan orokorra landuko da eta bestean lan zehatzagoa edo espezifikoagoa, bizikletak egongo direna.
Ordutegi berriarekin hasiko dira astelehenean goizeko 07:00etatik gaueko 10:30etara, nahiz eta zerbitzua 10:00etan etengo den.  

Igerilekua irekitzeko data zehatzik ez dago, baina uztailerako espero da
Igerilekua irekitzeko data zehatzik ez dago, baina ez da uztailaren aurretik zabalduko. Lanean ari dira uztailean irekitzeko kiroldegiko arduradunak. Uztaila esatean, izan daiteke ekainaren 29an edo uztailaren lehenengo astean. Hori bai, horretarako baimen guztiak eta baldintza danak bete beharko dira. 
Aldagelak eta takillak itxita egongo dira eta komunen kasuan gomendatzen da ez irekitzea, baina Astigarragako kiroldegian erabiltzeko aukera egongo da beharrezkoa den kasuentzat. 

Bi toaila eraman behar dira derrigorrez
Gimnasioa ordu beteko txandatan erabiliko da eta nahiko arautegi berezia ezarri da. Aipagarria da entrenamendu saioa erreserbatzearekin batera, ordutegia errespetatu behar dela. Ekaina osoan zehar eskatzen diren neurri hauek betearazteko pertsona bat egongo da gimnasioan zerbitzua eskaintzen den ordutegian. 
Komeni da bakoitza txanda horretan protokolo arauak betetzea eta horretarako azalpenak emango dira.  Alfonbra bat jarriko da eta bertatik pasa behar da distantziak mantenduz, zapatilak lehortuz eta abar.  Gero barrura sartuta gelak egongo dira eskuak garbitzeko eta begiralea zain egongo da azalpenak emateko nola funtzionatu behar den. 
Makina bat erabili ondoren eskura izango ditu erabiltzaileak desinfektatzeko produktuak. Norberak egin behar du desinfekzioa. Zapatilan zolak ere desinfektatu egin behar dira eta kiroldegira sartzeko derrigorrezkoa dena bi toaila eramatea da. Toaila haundia makina babesteko erabiliko da eta bestea izerdia lehortzeko. Maskarilarekin sartu behar da, baina gimnasiora behin sartuta ariketa egiteko kendu daiteke. Ezinbestekoarekin joan behar da gimnasiora, bertan ez baitira aldagelak irekiko.

JARRAIBIDEAK
- Covid-19arekin lotuta egon daitekeen sintomaren bat izanik, ez joan kiroldegira.
- Entrenamendu-saiorako hitzordua hartu beharko da aplikazio baten bidez, eta errespetatu txanda bakoitzeko denbora.
- Aldagelak eta armarioak itxita egongo direnez, kirola egiteko arropa jantzita eraman beharko da.
- Ezinbestekoa den materiala soilik eraman beharko da ( ur botila, bi eskuoihal eta telefono mugikorra).
- Instalazioan sartzekoan sarreran egongo den alfonbrarekin oinetakoak desinfektatu beharko dira eta eskuak gel hidralkolikoarekin garbitu.
- Instalazioan maskarilla eramatea derrigorrezkoa izango da; ez ordea, jarduera fisikoa egiterakoan.
- Uneoro beste pertsonekiko 2 metroko distantzia mantendu beharko da.
- Materiala erabili ondoren eskura egongo den produktu desinfektatzailearekin garbitu beharko da.

 

Udako ikastaroak uztaila, abuztua eta irailan luzatuko dira

Aurreizenemateak astelehenean egin behar dira ekainaren 12ra arte eta hilabete bakoitza independentea izango da, ez dira trimestralak.

Udako kanpaina ere martxan jarriko da eta astelehenetik aurrera aurreizenemateak hasiko dira. Helduentzako eta haurrentzako kirol eskaintza izango da eta aurtengo berezitasuna da hiru hilabetera luzatutzea: uztaila, abuztua eta iraila. 
Aurreko urteetan uztailean bakarrik eskaintzen zen eta aurten ikastaroak luzatuko dira. Hilabete bakoitza independentea izango da, ez da ikastaro trimestrala izango.
Ekainaren bigarren hamabostaldian aurrez aurreko doako saioak eskainiko dira. Aforoa kontrolatu ahal izateko izena ematea beharrezkoa izango da. Izen-ematea jarduera hasi aurreko egunean egin beharko da, 943 333 676 telefonoan edo kiroldegia@astigarraga.eus  helbidera idatziz.

Ordainketa eta azken izenemateak ekainaren 16 eta 18 bitartean
Aurreizenematea ekainaren 12ra arte egingo da eta zozketa ekainaren 15ean, 14:00etan egingo da. Ordainketak eta izenematea ekainaren 16tik 18ra egingo dira. 
Helduentzako, haur eta gazteentzako ikastaroak dira. Haur eta gazteentzako ondorengo ikastaroak antolatu dira: Jump fit kids 5 eta 15 urte bitartekoentzat ordutegi eta egun desberdinetan, zumba kids 4-15 urtekoentzat, aireko gimnasia 8-15 urte bitartekoentzat, ziklo indoor 12-15 urte artekoentzat, bungee air fit 8 eta 15 urte artekoentzat. Gero jolas txiki ere egingo da 3-5 urtekoentzat eta multikirola. 
Helduentzako ikastaroak ondorengoak dira: Aireko pilatesa, pilatesa, gimnasia 65 urte gorakoentzat, hipopresiboak hastapena, hipopresiboak mantentzea, zumba, strong by zumba, aerofit, body weight (ikastaro hau berria da), jump fit!, ziklo indoor, trx, bungee airfit. Ikastaro hauetako batzuk ez dira abuztuan eskainiko eta emango diren ikastaroen txandak murriztu egingo dira abuztuan zehar.
Ikastaroen prezioak desberdinak dira eta bazkideentzako merkeagoak dira prezioak. 
Ikastaroetan ere segurtasun neurri bereziak hartuko dira koronabirusaren ondorioz.

Igerilekuko ordutegia eta aztertzen ari diren neurriak
Igeriketako ikastarorik ez da egongo aforo kontuak direla eta. Nahiko komeri izango dira igerilekuko hondartzaren egokitzapena egiteko partzelaka. Belardia nola banatu ari dira aztertzen, hesitu egingo da eta hori ere erreserba bidez eramango da. 
Aurreikusten da hiru orduko hiru txanda eskaintzea. Aurreneko txanda goizeko hamarretan hasiko da eguerdiko 13:00etara, gero orduerdiko desinfekzio lana egingo da eta bigarren txanda 13:30etatik 16:30etara izango da. 17:00ak arte bigarren desinfekzio lanak egingo dira eta azken txanda 17:00etatik 20:00etara izango da. 
Aztertzen ari dira nola banatu eremua. Printzipoz 2x2 metroko eremuak banatuko dira erabiltzaile indibidualentzat  eta taldeentzat edo familientzat  4x4ko partzelak  izan daitezke, baina kiroldegitik argitzen dute oraindik ere lanketan direla eta aldatu daitekeela. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!