Hamaika pasadizo eta anekdota umoretsu, Astigarragako infernu txikia ezagutzeko

Kronika - Erredakzioa 2020ko eka. 6a, 00:00

Joan den igandean eskaini zuen Euskal Telebistako aurreneko kateak, Astigarragari eskainitako 'Herri Txiki Infernu Handi' saioaren atala. Bederatzi herritar bisitatu zituzten Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi aurkezleek, herriari eta herritarrei buruz gehiago ezagutzeko, tonu umoretsuan: Mertxe Arrieta, Luis Altuna 'Rambo', Lurdes Irizar, Periko Garmendia eta Juantxo Zuaznabar, Antonio Zubiarrain 'Xapatero, Joseba Alustiza 'Txingu' eta Joxe Mari Ubarretxena, eta Xabier Urdangarin.

Beste behin egin du bisita Urumea bailarara, Herri Txiki Infernu Handi telebista saioak. Goizuetan bitan eta Ereñotzun beste behin egon ondoren, Astigarragara etorri dira oraingoan, Mikel Pagadi eta Zuhaitz Gurrutxaga aurkezleak. Eta joan den igandean eman zuten, Euskal Telebistaren aurreneko katean, astigartarre­kin ezagutu eta bizitakoaren berri. Ikusterik izan ez zuenak, oraindik ere badauka aukera: eitb.tv web orrian oso­rik, edo eitb.eus webgunean atal­ka, protagonista bakoitzaren bideoarekin.

Zehazki, bederatzi izan ziren saioan azaldu ziren herritarrak: Mertxe Arrieta, Antonio Zubiarrain Xapatero, Lurdes Irizar, Luis Altuna Rambo, Periko Garmendia eta Juantxo Zuaznabar, Joseba Alustiza Txingu eta Joxe Mari Zuaznabar, eta Xabier Urdangarin alkatea.

Goiko Iturritik barrena paseotxoa egin, eta Foru Plazan ekin zioten saioari, bi aurkezleek. Hortik aurrera, bakoitzak bere bidea egin zuen. Pagadi Urdangarinekin elkartu zen San­tiomendin; Garmendia eta Zuaz­nabarrekin Murgia Jauregian; eta Txingu eta Ubarretxenarekin Ergobian. Gurrutxagak, berriz, itxiturak egiten harrapatu zuen Rambo Santiomendin, Lizardi Loreaken topatu zuen Irizar, eta etxera egin zien bisita Arrietari eta Xapaterori.

Guztien artean, ezagutzera eman zituzten herriko hainbat auzo eta txoko, hainbat pasarte umoretsu, eta herriaren historia ere bai.

Ekitaldi nagusia, berriz, kiroldegiko pistan grabatu zuten, makina bat herritar bertan zirela. Giro ederra izan zen bertan, eta Sebastian Lizaso bertsolariak eman zion hasiera saioari, ber­tso batekin:

Kaixo ta gabon Astigarraga

gaurko saioan zutabe

herri aparta betidanikan

altxor ugariren jabe

jakinminez zaudena

entzun proposamena

aukera ederrean zaude

Astigarraga ezagutzeko

eskuan basorik gabe.

 

Mertxe Arrieta eta Zuhaitz Gurrutxaga, hanketan masajetxoa ematen.

«Grabaketaren egunean, bi bider eman nuen masajea hanketan!»

Goizeroko paseotik bueltan harrapatu zuen Mertxe Arrieta, Zuhaitz Gurrutxaga aurkezleak. «Etxera iristen topatu ninduen, eta elkarrekin eman genuen masajetxoa hanketan, pomada eta guzti. Baina nik berez ez dut orduan ematen! Goizetan ematen dut, gosaldu ondoren... Zertarako eman behar nuen berriro? Egun hartan bi bider eman nuen masajea!», onartu du Arrietak.

Eta gehitu du: «berak bai beharko zuela, Ramborekin egotetik zetorren eta, leher eginda!». Kafea eta txanpaina eskaini zizkion gero: «barre pixka bat egin genuen, bai». Kontatu zion, makina bat bidaia egindakoa dela, eta Errusia gustatu zaiola gehien, anekdota eta guzti: «parke batean frexkatzeko gelditu, eta militarrak azaldu zitzaizkigun, metralleta eta guzti builaka. Susto ederra hartu genuen! Sandaliak eskutan hartuta egin behar izan genuen alde», kontatu du.

Igandeko saioaz geroztik, sorpresa ere hartu du kalean: «ibiltzera joaten naizenean, kalean esaten didate oso ondo atera nintzela. Ez nuen uste hainbeste jendek ikusiko zuenik programa!».

 

Joxe Mari Ubarretxena, Mikel Pagadi eta 'Txingu', sagardoarekin topa egiten.

«Kaja fuertearen klabea ere jakin nahi zuen Pagadik, baina egongo den dirua eta ezerrez... Ez da sekula ireki»

Ergobian ere egin zuen egonaldia Herri Txiki Infernu Handik, bere bisitan. Eta Joxe Mari Ubarretxenak eta Joseba Alustiza Txinguk erakutsi zioten auzoa Mikel Pagadiri: «Ergobia ezagutarazi genuen, Astigarraga eta Ergobia bi mundu dira eta. Beraiek ez dute hala ikusten, baina... Izaten dugu pike pixka bat. Guk oso maitea dugu gure auzoa».

Plazan dagoen kaja fuertearen inguruan aritu ziren kontu kontari eta brometan: «garai batean zegoen kaja fuertea txatarreroak ekarri zuen, eta bertan jarri. Baina erabili ez, ez genuen ezertarako erabili. Gerora saldu egin zuen, eta bila aritu ginen, baina ez genuen aurkitu». Orain dagoena, berriz, Donostiako bitxitegi batean aurkitu zuen Ubarretxenak: «klabea ere jakin nahi zuen Pagadik, baina hor egongo den dirua eta ezerrez... Akaso bitxiak ere izango ditu barruan, baina ez dugu sekula ireki, ezta saiatu ere, eta ez dakigu zer dagoen bertan».

Kaja fuertearen barruko bitxiak ez, baina bere etxeko altxorrak bai, erakutsi zituen Txinguk, saioan: «museo ederra dauka montatuta, oso polita. Jendeak ez dio garrantziarik ematen, baina sekulakoa da. Txorakeria batekin hasi zen, eta pixkanaka auzokoek gauzak ekarri dizkiogu, denok aportatu dugu zerbait. Eta aspaldiko gauza asko dago, oso politak. Jendeak kolaboratu du, eta berak bertan jarri, oso kurioso», dio Ubarretxenak.

Uholdeek paretetan utzitako markak estaltzeko hasi zen Txingu koadroak jartzen, eta azkenerako denetik jarri du bertan: argazki zaharrak, pinturak, garai bateko gauzak, lanabesak...

Horiek denak bakarrik ez, etxean daukan ikasgela ere erakutsi zion Pagadiri, eta baita gimnasioa ere.

Eta guztiak erakutsita eta kontatuta, plazan egin zuten topa, iturri berezitik sagardoa hartuta. Dena baitziren sagardotegiak plaza horren bueltan, garai batean.

 

Lore-sorta ederra prestatu zion Lurdes Irizarrek, Zuhaitz Gurrutxagari.

«Ez zidan esan Pagadirentzat zirela loreak; nahikoa barre egin genuen!»

Lizardi Loreak ere bisitatu zuen Zuhaitz Gurrutxagak, Astigarragan. Tinbrea jo beharrean oihuka deitu ondoren, Lurdes Irizarrek egin zion arreta, eta loreei buruzko kontuak azaldu zizkion; esaterako modu batera edo bestera prestatzen direla lore-sortak, zertarako diren arabera. Baina hildakoentzako koroaren oinarria, salvavidas batekin konfunditu zuen aurkezleak...

Eta eskaera bat egiteko ere aprobetxatu zuen Gurrutxagak, orduan: «bikoteari ezkontzeko eskatzeko, lore-sorta bat prestatu genuen, baina ez zidan esan Pagadirentzat zirenik... Gero ikusi genuenean, nahikoa barre egin genuen! Begira nola bukatu zuten han, ezkontza entsaiatzen!», kontatu du.

Izan ere, lore-sorta hark emaitza eman zuen, eta ezkontzekotan geratu ziren Gurrutxaga eta Pagadi: «ederki osatu zuten ospakizuna; bateko ilarrak, besteko bertsoak, loreak, itxiturak... Oso talde polita osatu zuten».

Irizarrek onartu du, ez zekiela zer moduzkoa aterako zen grabaketa, baina «oso gustora» egon zela gero. «Beraiek ere halakoak dira, oso naturalak, eta erraztu egiten dute».

 

Mikel Pagadi eta Xabier Urdangarin, Santiomendin.

«Grazia haundiarekin aritu ziren herritarrak»

Alkatea baino, herriko historialaria zirudien Xabier Urdangarinek, saioan. «Nahi zuten herriaren sorrerari buruz hitz egitea, eta errepasatu egin behar izan nuen badaezpada ere! Aurreko asteburuan aritu nintzen ikasten!», dio barrez. Santiomendin elkartu zen Mikel Pagadirekin, hori zelako Astigarraga bere sorreran; eta herrigunera jaitsi ziren gero. Herriaren hazkundeaz, eta dagoen txakur pilaz aritu ziren orduan: «gure arteko elkarrizketan atera zen kontua, umeak eta txakurrak besterik ez daudela; eta hori erabili zuten gero, udaletxean datuak eskatzeko. Egia esan, izugarria da, bi-hiru etxebizitzako, izango da txakur bat».

Onartu du, «urduri» egon zela kameraren aurrean, baina Pagadik erraztu zuela: «artista da lasaitzen». Eta gustatu zitzaion saioa: «grazia haundiarekin aritu ziren herritarrak, eta kiroldegikoa ere oso giro onean egin zen».

 

Juantxo Zuaznabar, Periko Garmendia eta Mikel Pagadi, 'anjelusa' egiten.

«Gustora egon ginen Pagadirekin, baina bera gustorago gurekin!»

Murgia Jauregian sartu berritan harrapatu zituen Mikel Pagadik, Periko Garmendia eta Juantxo Zuaznabar. Baratza eta ilarraren hazitokia daukate bertan: «markesak beti esaten zuen, baratza txiki bat eduki behar zuela bertan». Ilarraren hazitokian, berriz, 17 motatako ilarrak dauzkate, eta bertara egiten dituzte bisita gidatuak gero, Ilar Astean.

«Jauregiko guardarekin, Luisekin, oso harreman ona daukagu, eta elkarri laguntzen diogu. Garaje moduko bat ere uzten digu, gure gauzak gordetzeko. Gosaldu ere, berarekin egiten dugu. Etxean bezala ibiltzen gara Jauregian», diote.

Goizetan, Jauregian ez bada, baratze publikoetan edo Larraburun aritzen dira baratzean; baina eguerdirako, beti elkartzen dira Luisekin, anjelusa deitzen dutena egiteko: hamaiketako eder bat. «Ederki zaintzen gara!». Pagadirekin ere egin zuten anjelusa: «oso gustora egon ginen berarekin, baina agian bera gustorago gurekin! Gurekin saioa grabatzea inoiz baino errazagoa izan zela esan zigun berak».

 

Luis Altuna 'Rambo' eta Zuhaitz Gurrutxaga, itxitura bat prestatzen.

«Bonba hura bakarrik ez, granadak ere topatu ditut, perretxikotan!»

Harrituta utzi zuen Luis Altuna Rambok, Zuhaitz Gurrutxaga, 1936ko gerrako bonba bat Santiomendin aurkitu zutela kontatu zionean: «orain dela 50 bat urte izango zen hori. Sua egin genuen hiru anaiek, eta sardearekin ari ginela, burni puska bat topatu genuen. Guk ezta imajinatu ere, bonba bat zenik, eta sutara bota zuen anaia zaharrenak. Sekulako sua hasi zen, eta korrika ezkutatu ginen pareta baten atzean, polbora guztia erre zen arte. Orduan pasa zitzaigun sustoa!».

Beste bonbarik ez, baina granadak topatu ditu Rambok Santiomendin: «perretxikotan nenbila topatu nituen, granada pila bat, basurderen batek lurpetik ateratakoak. Ertzainak etorri denak biltzera, eta gerora esan zidaten denak lehertu zirela, ondo zeudela oraindik. Eta ni makilarekin zirikatzen aritu nintzen!».

Buruko zinta pila bat erabiltzen dituela eta, izan zuten elkarrizketa umoretsua: «ba zinta pila bat galdu ditut, edozein tokitan zintzilik utzita! Lehen kajoia ezin itxi baldin baneukan, orain erdia ere ez zaizkit geratzen!», onartu du.

 

'Xapatero', Zuhaitz Gurrutxagarekin.

«Oso gustora egon nintzen grabaketan»

Foru Plazara igotzeko aldapan egin zuen topo Zuhaitz Gurrutxagak, Antonio Zubiarrain Xapaterorekin. Zer moduz zegoen galdetuta, erantzun xelebrea eman zion aurkezleari: «hanka bat kanposantuan, eta bestea anbulatorioan. Horrek esan nahi du hanka luzeak dauzkadala!».

93 urterekin ere, etxera eskaileretatik ederki igotzen dela erakutsi zion, eta bertsotan ere animatu zen: «bertso bat botatzeko eskatzen badidate, botatzen dut, gustatzen zait; baina gainerakoan ez naiz aritzen. Nire aitona eta nire anai zaharrena bai, bertsolariak ziren».

Saioaren grabaketan, «oso gustora» egon zela onartu du Xapaterok, baina kameraren aurrean pixka bat lotsatuta ere bai: «batzutetan gertatzen zaizu, gauza bat esan nahi, ahaztu, eta beste bat esaten duzula!», aitortu du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!