Emakumeon Plaza

«Esperientzia kolektibo gisa, sekulakoa ari da izaten»

Kronika - Erredakzioa 2020ko eka. 6a, 00:00
Hau bezalako argazki ikusgarriak egin ditu Legarretak, orain arteko saioetan. Argazkia: Nagore Legarreta

Aste honetan ekin die berriro Nagore Legarreta argazkilari hernaniarrak, Emakumeon Plazako murala osatzeko argazki saioei, kultur etxean.

Martxoan hasi zituzten argazki saioak, Nagore Legarretaren eskutik, Astigarragako Emakumeon Plazako murala osatzeko.  Saio gutxi batzuk besterik ezin izan zituzten egin, ordea, alarma egoerak eten aurretik.
Aste honetan ekin diete berriro argazki saioei, 10 laguneko taldeetan eta segurtasun neurriak betez, kultur etxean. Eta orain artekoarekin oso pozik dago argazkilari hernaniarra: «muralaren emaitza polita izatea espero dugu, baina esperientzia kolektibo bezala, sekulakoa ari da izaten, herriko emakumeei arreta jartzea. Beraien gorputzari eta jarrerari hitz egiten uzten zaienean, primeran ari dira erantzuten. Subidoi batekin ateratzen gara saioetatik!», adierazi du Legarretak.
Guztira, 120 emakume inguru pasako dira bere kameraren aurretik: «hasieran, martxoan egin behar genuenean, jende gehiago zegoen. Baina etenaldiaren ondoren, berriro jarri gara kontaktuan beraiekin, eta 120rekin geratu gara. Orandik badaukate aukera, berriro engantxatzeko saioetara», dio.

Adin guztietako emakumeak, astigartar peto-petoak zein herrira etorri berriak
Animatu diren emakumeen aniztasuna ere goraipatu nahi izan du Legarretak: «adin guztietakoak animatu dira, haur eta nerabeetatik hasi, eta heldu zein adinekoetara. Eta era berean, badauzkagu astigartar peto-petoak, zein herrira etorri berriak direnak. Oso polita da».
Bildutako argazki guztiekin, mural haundia osatu beharko du argazkilariak, gero: «33 metro da luze, kurbatua den arren; eta bi metro inguruko altuera izango du. Nahiko lan izango dugu gero, argazki hauek denak bilduta, aukeraketa egin eta murala prestatzeko. Konposaketa bat egingo dut argazkiekin, eta kolore lanketa bat prestatuko dut, marrazki itxura emateko, ez izateko irudi artifizial bat», aurreratu du.
Zortzi saio izan ziren bertan behera geratu zirenak, birusaren ondorioz; baina 11 saiotan egingo dituzte orain, talde txikiagoetan elkartu eta segurtasuna bermatzeko. Joan den astelehenean egin zuten aurrenekoa, Harituz elkarteko kideekin; eta argazki ikusgarriak lortu zituen Legarretak, testuaren gainean ageri dena bezalakoak.
Ekainean zehar egingo dituzte saio guztiak, goizez edo arratsaldez, 10:00etatik 12:30etara edo 17:30etatik 19:30tara.
Horietara, maskarilla eraman beharko dute partehartzaileek, segurtasunerako; eta argazkietarako, mota guztietarako arropak: kolore argikoak, koloretsuak, bolantedunak, zapiak, udakoak, kirol ezberdinetakoak, norberarentzat garrantzitsua den objekturen bat... 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!