Sagardoaren Lurraldea

Ekainaren 15era arteko epea dago, Santa Ana eguneko edalontzietarako irudi lehiaketan parte hartzeko

Kronika - Erredakzioa 2020ko mai. 29a, 00:00

400 euro eta produktu gastronomikoen lotea jasoko ditu irabazleak. Proposamenak bidali behar dira 'info@sagardun.com' helbidera.

Santa Ana egunak, uztailaren 26an ospatzen denak, 45 urte beteko ditu aurten, eta hori horrela, Sagardoaren Lurraldeak lehiaketa antolatu du: Santa Ana eguneko Sagardo Eguneko edalontzietan serigrafiatuko den irudia aukeratzeko lehiaketa, hain zuzen ere. Parte hartzea irekita dago, eta ekainaren 15era arte bidali daitezke proposamenak, info@sagardun.com helbide elektronikora.
Irabazleak, 400 euro eta produktu gastronomikoen lotea jasoko ditu, sari.

Erakusketa ere bai
Oinarrietan zehaztutakoaren arabera, gaia, 'Astigarraga, Santa Ana eguna 2020 Sagardo Dastaketa 45. edizioa' izango da, eta parte-hartzaile bakoitzak lan original bat aurkeztu ahal izango du, teknika digitala erabilita. Marrazkiaren ezaugarriak hauek izan behar dira: 15zm x 6zm tamainakoa, antolatzailearen logotipoa sartzeko lekua utzita; txuri beltzekoa, grisik erabili gabe eta Bitmap formatukoa; 300 DPI erresoluziokoa; eta marrarik erabiliz gero, gutxienez 1mm edo 11 pixeleko zabalera duena.
Marrazkia digitalean eta PDF formatuan aurkeztu behar da, sinadurarik gabe, ekainaren 15a baino lehen, info@sagardun.com helbidean. Bertara marrazkia bidaltzean, emailean adieraziko dira egilearen izena, abizena, helbidea, herria eta telefonoa.
Epaimahaia Sagardun Partzuergoak, ilustratzaile profesional batek eta Astigarragako Udalak osatuko dute, eta hartzen duten erabakia ezingo da aldatu. 
Lanak Sagardoaren Lurraldeko sare sozialetan argitaratuko dira, eta lanik onena zein den asmatu ahal izango dute herritarrek. Asmatzen dutenen artean zozketa bat jarriko da martxan. Horrez gain, marrazki onena aukeratu ondoren, erakusketa egingo da aurkeztutako lanekin Sagardoetxean, ekainaren 26tik uztailaren 26ra arte.
Guztiarekin, marraztea gustuko duten guztiak parte hartzera animatu ditu Sagardoaren Lurraldeak. Gogorarazi du irekia dela, edonork hartu dezakeela parte.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!