Astigarragako Udalak, Herri Eskolarekin lankidetzan, proposamen bat zabaldu die herriko haur guztiei: Itxialdi garaian egindako artelanak aurkeztu, ondoren, Erribera Kultur Etxea inauguratzen denean, erakusketa batean jartzeko.
Aste asko pasa dituzte haurrek etxetik atera gabe, eta oraindik ere ordu asko eman behar izaten dituzte etxean. Asko dira aste hauetan sormena eta imajinazioa artelanen bidez garatu dutenak; egunotan horren adibide diren zenbait marrazki eta eskulan ikusi dira etxeetan, leihoetan eta balkoietan.
Bihar egingo da lanen lehenengo bilketa Erribera Kultur Etxean
Udalak eta Herri Eskolak lan horiek guztiak batu eta ikusgai jartzea ekimen polita izan daitekeela uste dute, eta horretarako une aproposa Erribera Kultur Etxearen inaugurazioa dela.
Udalak bihar, maiatzaren 21ean, egingo du lehenengo bilketa bi ordutegitan: 12:00etatik 13:30etara eta 16:00etatik 17:30etara. Datozen hilabeteetan beste bilketa bat egingo da. Aurkeztu nahi diren lana Erribera Kultur Etxeko (Kontxa Etxeberria plaza) sarrera nagusira eraman behar dira eta Astigarragako Udaletik animatu nahi dira familiak lanak aurkeztera. «Etxeko txikiak izan daitezela Erribera Kultur Etxeko lehen artistak!».
Udalak jakinarazi zuen uztailean egingo dela trasladoa, egungo kultur etxetik berrira. Baina udazkenera atzeratu dute inaugurazioa, irailera edo urrira. Egoeraren arabera erabakiko dute. Edozein kasutan, irailean ireki nahi dute, Erribera kultur etxea.