Astigarragako Udalak, maiatzaren 6ean, Angelun gertatutako indarkeria sexistaren aurrean, «gaitzespen gogorra» adierazi du, eta bere laguntza , nahiz begikotasun osoa adierazi nahi die «mota horretako erasoak pairatzen dituzten emakumeei eta bere ingurukoei». Astigarragako Udalak dituen informazio eta baliabide guztiak erasotutako emakumeen esku jarri ditu, «bere onera etortzeko prozesuan behar dezaketen laguntza guztia barne», eta aipatu du alarma egoeran gainera indartu egingo dutela, Gertu arreta zerbitzuaren bidez.
Astigarragako Udalak, 2019an, Udalaren eraso matxisten aurrean jokatzeko eta erantzuteko protokoloa sortu zuen, hori dela eta, honelako gertaeren aurrean, protokolo instituzionala aktibatu du. «Kasu honetan, gertaera gaitzesteko» eta gainera bat egin zuen ostiralean egindako Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxaren deialdiarekin.
Udalaren jarrera, «irmoa»
Astigarragako Udalak, aipatu du, udalak hartu duen jarrera, «irmoa, argia eta garbia» dela. Azpimarratu dute, ez dituztela onartuko «emakumeen eskubideak urratzen dituzten eraso makur hauek, eta bestetik, herritar guztiei bide bat eskaini nahi diegu, gaitzespen argi bat agertu dezaten emakumeen aurkako indarkeria matxistaren aurka. Indarkeria ez baita soilik erasoa edo hilketa pairatzen duten emakumeen arazoa».
«Arazo sakon bat»
Astigarragako Udalaren arabera, emakumeen aurkako indarkeriak, «erasotzaile eta biktima banakakoak ditu beti», baina arazo sakon bat dagoela aipatu du, honakoa hain zuzen, «emakumeak kontrolpean eta mendean izan nahi dituen ideologia. Indarkeria sexista emakume guztiek emakume izateagatik edota emakume itxuria izateagatik jasaten duten indarkeria da. Beraz, indarkeria hori ez da ekintza bakartuen edota azalpenik gabeko gertakarien emaitza».