Udala

Telekomunikazio eta tentsio ertaineko lineak lurperatzen, Arrobitxulon

Kronika - Erredakzioa 2020ko mai. 4a, 00:00

Lanek 10 bat aste iraungo dute. Herri Eskola eta kiroldegi inguruan egin nahi diren irisgarritasuna hobetzeko lanetarako balioko dute.

Arrobitxulo eta Santio Zeharra artean dagoen aireko tentsio ertaineko linea lurperatzeko lanak hasi ditu Udalak, eta jakinarazi duenez, 10 bat astez luzatuko dira. Aurrerago irisgarritasun lan batzuk egitea ahalbidetuko du honek, besteak beste.

Irisgarritasuna hobetzeko, igogailua eraikitzeko aurreneko pausuak
Iberdrolak tentsio ertaineko sare elektrikoaren aireko linea bat dauka Arrobitxulo bidea eta Santio Zeharra artean. Udala linea hori lurperatzen hasi da.
Horrekin, batetik, «Herri Eskola eta kiroldegiaren inguruneko irisgarritausna hobetzeko obrak» egin ahal izango dira, igogailua eta pasabideak jarrita. Bestetik, «herrigunean aireko lineak kendu» ahal izateko pauso bat emango da, «segurtasun, funtzionaltasun eta estetika arrazoiengatik».

Hori guztiaz gain, Udalak azaldu du, baita ere, hurbileko transformazio-zentroak konektatzen dituzten sare elektrikoetarako zangak eginez, ahal den neurrian udal telekomunikazio-sareak, eraikin publikoetako puntuak  eta instalazioetako puntuak udaletxearekin konektatuko direla. 

228 mila euro
Lan hauek guztiek 228.201,05 euroko aurrekontua daukate, BEZa barne, Udalak prentsa oharrean aurreratu duenez. 

Lanek 10 aste iraungo dute, baina «ahalik eta eragozpen gutxien sortzen egingo dira obrak». Dena den, Udalak argitu du lehenengo bi asteetan bereziki Kale Nagusian izango dutela eragina, Correos eta botika artean, eta hurrengo bi asteetan, berriz, Santio Zeharreko 5-7 zenbakien inguruan. Gero, Herri Eskola eta kiroldegi inguruan, eta azken asteetan, berriz, Arrobitxulo inguruan.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!