Internet bidezko 'Atsolorra' gaur, eta indarkeria matxistaren aurreko arreta zerbitzua martxan

Kronika - Erredakzioa 2020ko api. 24a, 00:00
Otsailaren 7an egin zuten aurreneko 'Atsolorra', Astigarragako udaletxean.

Elkarretaratzea antolatu du Aztifemiak taldeak, 18:00etan, eta 'aztifemiak@gmail.com' helbide elektronikora idatzi behar da, parte hartzeko. Astigarragako Udalak, berriz, 'Astigarragan Gertu' arreta zerbitzua abiatu du: 688 804 672.

Fisikoki ezin bada, internet bidez egingo dute bigarren Atsolorra, emakume astigartarren elkarretaratzea, Aztifemiak talde feministak antolatuta. Gaurko jarri dute hitzordua, arratsaldeko 18:00etan, eta parte hartu nahi duten emakume guztiak gonbidatu dituzte.

Zoom aplikazioaren bidez egingo dute, eta bilera birtualean parte hartu nahi duenak, aztifemiak@gmail.com helbide elektronikora idatzi behar du. Bueltan erantzungo diote, elkarretaratzean parte hartzeko jarraibideak bidaliz. «Gonbidatuta zaudete, zu eta zure inguruko emakumeak. Oraingo honetan ateak ez, le­hio­ak zabalik dauzkagu!», luzatu diete deia.

Otsailaren 7an antolatu zuen aurreneko elkarretaratzea edo Atsolorra Aztifemiak taldeak, udaletxean, taldea bera eta ekimena aurkezteko herritarrei. Metaforikoa da Atsolorra, irudikatu nahi dutelako emakumeak elkartuko direla, ospatzeko beraien ekintzen sorrera.

Azkeneko asteotan, galdeke­ta ere zabaldu du Aztifemiak tal­deak, interneten, Emakume­en Etxearen inguruan.

Indarkeria matxista jasateko arriskuan daudenentzat, arreta zerbitzua martxan

Astigarragako Udalak, bestalde, egun hauetan jarri du martxan Astigarragan Gertu zerbitzua. Indarkeria matxista jasateko arriskuan dauden emakumeei laguntzeko arreta zerbitzua da, eta 688 804 672 telefono zenba­kian egingo dute. Bertara, deiak eta bideo-deiak egin, edota mezuak eta whatsappak bidali daitezke. Psikologo eta gizarte langileek osatutako profesional talde batek emango die «lagun­tza emozionala eta akon­pai­na­mendua», haiengana jotzen duten emakumeei.

Dagoeneko martxan dago zer­bitzua, asteazkenetik, eta ma­iatzaren 10era arte izango da, astelehenetik igandera, goi­zeko 07:00etatik 21:00etara.

Eskainiko duten laguntza, beharraren araberakoa

Udalak jakinarazi du, mota ezberdinetakoa izango dela talde horrek eskainiko duen laguntza, beharraren arabera. Batetik, indarkeria matxistaren egoeren eraginpean dauden emakume­ei, emozionalki lagunduko diete, alarma egoeraren aurretik zeuden kasuak izan, edo orain sortutakoak. Laguntza emango diete, bikotekideekin, seme-ala­bekin edo konfinamenduan etxe­an dauden beste batzuekin sortutako arazoen aurrean.

Bestetik, gizarte zerbitzuekin kudeatuko dute, sortu daitezkeen gizarte arloko arazoak; eta Udaltzaingoarekin, segurtasun arazoak. Beste laguntza motaren bat beharko balitz ere, udal edo erkidego mailako beste baliabide batzuekin batera kudeatuko lituzkete.

Gainera, beharrezkotzat joz gero, bideratuko lukete indarkeriaren biktima diren emakumeen arretarako Eusko Jaurlaritzak daukan zerbitzura, edo 112kora. Eta artatzen diren kasu guztiei, jarraipena egingo diete, alarma egoera indarrean dago­en bitartean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!