AEK euskaltegiak Praktikatu eta Bizi euskaraz, etxetik egitasmoa jarri du abian itxialdiak irauten duen bitartean. Praktikatu AEKren zerbitzua da. 2005etik daramate hainbat gune soziolinguistikotan euskarazko harreman-sareak sortzen eta ekintza-planak sustatzen eta koordinatzen. Etxean gelditzeko agindua indarrean dagoenetik, Praktikatu zerbitzuko kide eta herrietako dinamizatzaileek plangintzak egokitu dituzte eta kalitatezko zerbitzua bermatzeko lanean ari dira. Hori dena www.praktikatu.eus webgunean etxetik euskara praktikatu eta euskaraz bizitzeko tresnak daude herritarren eskura.
Mintzapraktika
Itxialdiak irauten duen bitartean mintzapraktika-saioak bideo-deien bitartez egingo dira. Horretarako, herriko dinamizatzailearen laguntza izango dute herritarrek, berak antolatu eta koordinatuko ditu hitzorduak. Taldekideek, aldiz, eguna, ordua eta iraupena aukeratuko dute.
Ekintza osagarriak
Mintzapraktikaz gain, etxetik euskaraz aritzeko beste zenbait aukera ere eskaintzen dituzte webgunean. Esaterako, lehendik eskaintzen diren ekintzak egungo egoerara egokitu dira, etxetik aritzeko aukera eskainiz. Horien artean daude, tailerrak, ikastaroak, lehiaketak, euskaltegiko ariketak...
Baliabideak
Euskaraz bizitzeko baliabideen zerrenda zabala eskaintzen dute Praktikatu egitasmoak, baita, helduentzat materiala, familia osoa entretenitzeko materiala eta ikasmateriala ere.