UDALA

Egutegi fiskala aldatu da, udal zergak eta tasak ordaintzeko epeak luzatuz

Kronika - Erredakzioa 2020ko api. 7a, 00:00

Bizi dugun egungo egoera honen aurrean, egutegi fiskala aldatu du Astigarragako Udalak, udal zerga eta tasak ordaintzeko epeak luzatuz. 

Alarma egoera arautzen duten dekretu eta xedapen orokorrek ezarri dute, administrazio epeak etenda geratu direla, zerga arloko epeak izan ezik.

Nolanahi ere, Astigarragako Udalak, egutegi fiskala aldatzeko eskumena du, eta beraz, alarma egoera honen aurrean, eta honek eragindako zailtasunak ikusita, udalak erabaki du aldatzea, eta udal zerga eta tasak ordaintzeko epeak luzatzea,  «herritarren betebehar horiek betetzeko erraztasunak izan ditzaten». 

Egutegiko aldaketak
Egutegi fiskal berriak, aldaketa nagusi hauek ditu; lehenik, arau orokor gisa, 3 hilabetez luzatu da zerga eta tasak ordaintzeko epea.

Bigarren, jarduera ekonomikoen gaineko zerga hilabetez luzatu da, eta azkenik, uraren tasa 4 hiruhilekotan ordaindu ordez, 3 lauhilekotan ordaindu beharko da. Zerga bakoitzaren ordainketa epe berriak ikusteko, Astigarragako Udalaren webgunean ikusi daitezke, www.astigarraga.eusen hain zuzen.

Ordainketa epeak luzatzeaz gain, Udala aztertzen ari da, «zerga eta tasa desberdinen ordainketetan behar gehien duten herritar eta jarduera ekonomikoei lgauntzeko beste bide batzuk», eta adierazi dute aurrerago emango dutela laguntza hauen berri.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!