Mundarro

Atal berriak Mundarroren barruan: etxeko ariketak eta denborapasak

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 28a, 00:00

Kirol atal guztietako jarduera eta lehiaketak etenda, konfinamendua arindu eta sasoiari eusteko proposamenak luzatu ditu taldeak.

Koronabirusaren hedapenaren ondorioz, eta kirol lehiaketak bertan behera geratzearekin batera, eten zuten bere jarduera, Mundarroko kirol atal ezberdinek ere. Egoera normaltasunera bueltatu bitartean, ez dute jakingo zer gertatuko den lehiaketekin; eta hori gertatu arte,
geldirik jarraituko dute taldeko kirol atal ezberdinek. Ohiko atalek, behintzat...

Izan ere, bere baitan garai honetara egokitutako atalak sortu balitu bezala, konfinamendua arindu eta sasoiari eusteko proposamenak luzatu ditu
taldeak, aste hauetan. Zehazki, proposatu du etxean ariketak egitea, batetik; eta denborapasa modura, egunean bost galderari erantzutea, bestetik. Azkeneko honek, gainera, saria dauka!


Ariketak bideo bidez, Leire Mendiorozekin

Sare sozialetan ari dira saltsa sortzen, ariketa zein galderekin. Ariketen bideoak, Facebooken argitaratu dituzte, eta horiekin animatzen denak, Leire Mendioroz herritarra (eta konpainia) izango du irakasle. Oraingoz, bi bideo jarri dituzte, bost eta hiru minutukoak, eta etxean edonork egiteko moduko ariketak proposatu dituzte. «Ariketa fisikoa beharrezkoa da osasuna zaintzeko», animatu dituzte denak.


Egunean bost galderako lehiaketa, Instagramen

Galderak, berriz, Instagramen jarriko dituzte. Egunean bost galdera ari dira egiten, bakoitza ordu ezberdin batean, eta erantzun zuzena azkarren ematen dutenek, puntuak jasotzen dituzte. Horrela, egunean zehar puntu gehien pilatzen dituena, azken fasera sailkatuko da. Eta azkeneko fase hori, konfinamenduaren azkeneko astean jokatuko dute.

Galdera guztiak dira Astigarragari buruzkoak, Mundarrorekin edota herriko toki, talde zein gertaera historikoekin lotutakoak. Zeinek ote daki gehien,
Astigarragari buruz?

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!