Astigarragako Udalak, partaidetza prozesu bat du esku artean.Prozesu honek hainbat helburu ditu eta haien artean, formakuntza eta partaidetza saioak prestatzea, eta horien artean, gaur Emakumeen Mahaia egingo da.
Hirigintza arloan hartzen diren erabakiek, guztion bizimoduei eragiten dieten arren, Astigarragako Udalak adierazi du, askotan erabaki horietan ez direla biztanle guztien beharrak maila berean jartzen. Hau ekiditeko, «eta feminismoak erakutsitako bidetik», hainbat gai bistaratu eta txertatuko dira, hala nola, segurtasuna eta babesa espazio publikoan, zaintza lanak eta zaintzaren mugikortasuna, denboraren kontziliazioa eta erantzunkidetasuna, eta azkenik, etxebizitza eta ekipamenduak genero ikuspegitik.
Emakumeen Mahaia, hiru saiotan banatuko da, eta asteazkenetan izango dira, arratsaldeko 17:30etan, kultur etxean. Gaurkoa, Hirigintza emakumeen ikuspegitik: teoriatik praktikara formakuntza saioa izango da.
Martxoaren 8an, Aztifemiek aldarrikatu zutena
Astigarragako Aztifemiek, pasa den igandean, emakumeen aldarrikapenak azaldu zituzten. Aipatu zuten, emakumeak bere burua justifikatuz pasa dituela urteak eta urteak, «greba deitzen dugunean, greba deitu dugulako. Gizendu garenean, desatsegin gaudelako. Argaldu garenean, haragirik ez dugulako...». Argi utzi zuten, emakumeak izakiak direla, izaki bizidunak. Hala ere, «mailakatu egin gintuzten, beldurragatik, mespretxaturik, nazkagatik, gorrotoagatik, eta honen aurrean, desadostasuna adierazi dugu, urte mordoa pasa ondoren, horretan jarraitzen dugu. Emakume ginela jakinarazi genuen, eta hiztegia sortzen hasi ginen, emakume langileak, emakume kirolariak, emakume abokatuak». Azpimarratu zuten, hizkuntza hori sortuta egin zela emakumeentzako «lekua».
Ez dutela etsiko ere aipatu zuten, «nazkatu gara esaten, gogorarazten. Gu, gu gara eta gu izaten jarraituko dugu. Ez gara inora mugituko, eta espazio guztietan topo egingo dugu. Hemen egon nahi dugulako, bizitzeko eskubidea gurea delako, eta inori, ahaztu bazitzaion ere, izaki bizidunak garelako, beste izaki bizidun guztiak bezalaxe».
Aldarria amaitzeko, gaineratu zuten «oihu eta dantza egin, txalo eta algara egin, izan gaitezen gu, maite zaituztet, izaki bizidun bereziak».