Txotx denboraldia

Zapiainek Japonian txotx sasoia abiatu du

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 6a, 00:00

Astigarragako sagardotegiaren eskutik uzta berria dastatzeko aukera izan dute botilatik 15 jatetxek eta tabernek. 

Euskal gastronomiak eta sagardoaren kulturak gero eta interes gehiago eragiten dute Japonian. Izatez, beren sagardo propioa ere ekoizten hasi dira herrialde asiarrean. Txotx sasoiaren usadioari jarraiki, zenbait jatetxe beren irekiera berezia ospatzen ari da, eta Zapiain Sagardotegiaren eskutik uzta berriko sagardoa dastatzeko aukera izan dute
botilatik.

Ekimen honetan 15 jatetxe eta tabernek parte hartzen dute eta dagoeneko horietako batzuetan ospatu dute txotx irekiera, nagusiki euskal inspirazioko jatetxeetan. Besteak beste, Tokioko Ogasawara Hakushaku-teu (Michelin izar bat), Fermintxo Boca eta Lanbroa, Osakako Ama-Lur nahiz Aupa eta Kyotoko El Bogavante jatetxeak batu zaizkie egitasmoari.

Topaketa hauetan, Zapiain Sagardotegiko jatorri deiturako sagardoak dastatzeaz gain, bertaratzen direnek sagardoaren historiaren xehetasunak ezagutzeko aukera izango dute, baita sagarrak, ekoizpen prozesua eta edari hau inguratzen duten adierazpide sozialak ere. Ekitaldi hauen harira, Zapiainek aurtengo Euskal Sagardoa jatorri deiturako lehenengo sagardo berria botilaratu du, bertako sagar barietateekin egina eta bereziki Japoniarako etiketatua. Orotara, 400 bat botila bidali dira hegazkinez.

Euskal kulturak jakinmina sortzen du Japonian

Euskal kulturak eta gastronomiak Japonian sortzen duten ikusmina oso ezaguna da. Gero eta gehiago dira mundu osoan famatua den sukaldaritzarekin eta bestelako erakargarriekin gozatzera Euskal Herrira iristen diren turistak. Euskal sagardo naturalaren gaineko jakinmina ere hazten doa, edari honen munduko ekoizle ezagunenetakoa izaki.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!